Arrasateko Udalak harrera ekitaldi berezia egingo die herriko 162 jaioberriei komunitatea indartzeko asmoz
2026/06/19
Arrasateko Udalak urrats berri bat eman du herri kohesionatuago eta biziago bat eraikitzeko bidean: herriko haur jaioberriei ongietorri ekitaldia antolatzea. Iazko San Juan jaietatik (2025eko ekainaren 1etik) aurtengo ekainaren 1era arte 162 haur jaio dira Arrasaten, eta guztiek jaso dute ekitaldi honetan parte hartzeko gonbidapena. Haurrei zapi more txikia jarriko zaie. 2026ko ekainaren 1etik gaur arte jaio direnek ere aukera izango dute Udalera gerturatu eta zapia jasotzeko, nahiz eta erregistroan jasota ez egon.
Komunitatea eta aniztasuna ardatz
Udal Gobernuak agintaldi hasieran hartutako erronkari erantzuten dio ekimen honek: Arrasaten komunitatea indartzea. Eskualdeko beste herri batzuetan, hala nola Bergara eta Oñatin, egiten diren ekitaldi xumeetan inspiratuta, Arrasatek bere eredua berreskuratu nahi izan du.
Udalaren helburua gurasoen eta haurren arteko elkargunea sortzea da, herriko jaiek sinbolizatzen duten topagunea indartuz. Gainera, ekitaldia gaur egungo Arrasateren aniztasunaren ispilu izatea nahi da, jatorri ezberdinetakoan Arrasaten errotuta daudela azalduz, bizikidetzarako eredu bilakatuz: “Denok gara ongi etorriak Arrasaten” da helarazi nahi den mezu nagusia.
Ekitaldi xumea eta esanguratsua
Ekitaldia handinahikeriarik gabeko hitzordua izango da. Haurren izenak banan-banan aipatuko dira eta bakoitzari jaietako zapi txiki bat jarriko zaio, herriko jaietan beraien lekua izan dezaten lehen momentutik. Amaitzeko, argazki bateratu bat aterako da herriko erraldoiekin batera.