Arrasateko Udalak herriko hoditeria drenatzeari ekin dio eta ur banaketa neurriak astelehen arte luzatu ditu, edangarritasuna konfirmatu bitartean
2026/09/25
Gipuzkoako Urak-ek Zalduspeko deposituak garbitu ditu dagoeneko, Arrasateko deposituan sortu duten arazoa konponduz. Udalak publiko egin ditu hasierako egoera eta garbiketaren ondorengo egoeraren argazkiak. Ondorioz, Arrasateko Udala herriko hoditeria sistema drenatzen ari da ur zikina kanporatzeko. Prozesu honen ondorioz, datozen orduetan ura argiago ikusten hasiko da etxeetan.
Osasun Sailaren irizpideak eta edangarritasun analisiak (72 ordu)
Ura argiago iritsi arren, ur analisiak egin behar dira iturriko ura edangarria dela konfirmatzeko. Analisi hauen irizpideak Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ezartzen ditu, eta gutxienez 72 orduko berme epea eskatzen dute. Horren ondorioz, Udalak aurreikusten du asteartera arte ezingo dela baieztatu ura edangarria denik.
Behin-behineko neurri berriak eta ur-banaketaren ordutegiak
Egoera honen aurrean, Udalak behin behineko hornidura neurriak luzatzea erabaki du:
-
Gaur eta bihar (ostirala eta larunbata): Ur botilen banaketarekin jarraituko da. Bihar soilik bi guneetan banatuko da: Udaltzaingoan eta Musakolako kiroldegi kanpoan. Udalak herritarrei ARDURAZ jokatzea eta soilik beharrezkoak diren botilak hartzea eskatzen die.
-
Igandean eta astelehenean: Ur zisterna bat jarriko du Udalak Laubide Plazan, herritarrek beren botilak eta ontziak bete ditzaten. Zisternaren zerbitzu ordutegia honako hau izango da: 9:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.
Azkenik, Udalak gogorarazi du, lagungarria balitz, aukera dagoela ere inguruko herrietako iturrietatik ura hartzeko. Arazoa Arrasateko deposituan sortu dute, eta ez die kalterik eragin inguruko herrietako sistemei. Ondorioz, eskualdeko herrietako iturriak erabili daitezke.
Udala bere esku dagoen dena egiten ari da sortutako kaltea ahalik eta txikiena izan dadin. Herritarrei esker mezua helarazi die.
Esker mezua Udal langileei
Udalak nabarmendu nahi izan du udal langileen jarrera, bai brigadako langileena, boluntario agertu direla lana egiteko lan orduetatik kanpo, eta baita Udaltzaingoarena. Azken hauek urgentziazko lan honi ekin behar izan diote, eta ondorioz, herritarrei eskatzen zaie lan polizialetarako Ertzaintzarengana zuzentzeko.