Arrasateko Udalak herritarren eskura jarri ditu etxebizitza-diagnosiaren eta Ekintza Planaren xehetasun guztiak

2026/05/28
Card image cap
Egunotan etxez etxe banatuko da etxebizitzaren gaia jorratuko duen Udal aldizkaria, eta dagoeneko ikusgai dago pasa den astean teknikari zein politikariek burututako hitzaldia.

Arrasate bizitegi-eremu tentsionatu izendatu zuten duela hilabete, eta, Udalak ahalegin berezia egin du prozesu horren oinarrian dagoen informazioa herritar guztien eskura jartzeko. Pasa den astean teknikari eta politikariek egindako aurkezpen publikoaren ondoren, informazio hori zabaltzeko bide berriak aktibatu ditu Udalak.

Informazioa helarazteko bide berriak: Aldizkaria eta YouTube 

Etxebizitzaren egoera eta Udalaren asmoak sakon ezagutzeko, bi kanal nagusi prestatu dira:

  • Etxez etxeko aldizkaria: Etxebizitzaren gaia modu integralean jorratzen duen Udal Aldizkari berezi bat banatuko da herriko etxe guztietan. Bertan, herritarrek, egindako diagnosiaren datu nagusiak eta datozen urteetarako diseinatutako Ekintza Plana modu xumean azalduta aurkituko dituzte. Ikusi hemen aldizkaria.
  • Hitzaldia YouTube-n: Pasa den astean udal teknikariek eta arduradun politikoek etxebizitza-planaren inguruko xehetasun tekniko eta politikoak emateko burutu zuten hitzaldia jada ikusgai dago Udalaren YouTube kanalean.

Aldizkaria_low.jpg

Etxebizitza eskubidea bermatzeko apustua 

Arrasateko Udalak 2024-2025 urteen artean egindako diagnosiak agerian utzi du egoeraren larritasuna: alokairuaren prezioa %23,9 igo da 2017 eta 2022 artean. Eskaintza publikoa, berriz, parke osoaren %8,07koa besterik ez da. Datu horiek berretsi dute Arrasate eremu tentsionatu izendatzeko beharra, alokairuen prezioak kontrolatu eta etxebizitza eskaintza publikoa zabaltzeko.

Egoera honi aurre egiteko, Udalak lau ardatzeko Ekintza Plana diseinatu du:

  1. Alokairu eskuragarria: udalerrian dauden etxebizitza hutsak merkatura ateratzea, eta 15 urtean 1.000 etxebizitza inguru sustatzea.
  2. Berritzea eta berroneratzea: Lokalak etxebizitza bihurtzeko erraztasunak eta etxe handiak zatitzeko aukerak.
  3. Kontrola eta gobernantza: Alokairuaren prezioei muga jarriko zaie eta etxe hutsei zerga berezia aplikatuko zaie.
  4. Laguntzak eta hobariak: Gazteentzako alokairu laguntzak eta jabeentzako zerga hobariak.

Gainera, Udalak 5 milioi euro inguruko inbertsio konpromisoa hartu du etxebizitza-politika hauek garatzeko, San Andres Berriko lursailen lagapena (1,7 milioi euro) eta La Merced eraikinaren erosketa (3 milioi euro) barne. Maider Morras alkatearen esanetan, izendapen honekin "ate berri bat zabaltzen zaio Arrasateri etxebizitza eskubide gisa aldarrikatzeko eta ez negozio gisa".