Arrasateko Udalak hiru udal-zerbitzuren txartelak bateratu ditu digitalki NIK aplikazioaren bitartez: Txikitxokoa, Ikasketa gela eta Ortuak

2026/06/10
Card image cap
Integrazio eta digitalizazio jauzi horri esker, telefono mugikorraren bidez eskuratu ahal izango dira zerbitzu horietarako sarbidea. Horretarako NIK Patrika Digitala aplikazioa erabili beharko da eta Arrasateko Herri Txartela gehitu. Digitalizatutako hiru txartel berri horiez gain, kiroldegiko txartel digitala ere eskuragarri dago duela urtebetetik, baita liburutegikoa ere.

Arrasateko Udalak urrats berri bat eman du bere zerbitzuen digitalizazioan eta txartelen bateratzean. Hemendik aurrera, herritarrek Txikitxokoa, Ikasketa gela eta Ortuen eremua mugikorraren bidez zabaldu ahal izango dituzte, NIK Patrika Digitala aplikazioa erabiliz.

Udalak zerbitzu hauen sarbideak integratu ditu plataforma digitalean, herritarrei instalazio hauetara sartzeko erraztasun handiagoa emanez. Modu honetan, hiru txartel fisiko berri ordezkatzen dira bertsio digital bakarrarekin, erabiltzailearen erosotasuna eta kudeaketa arinduz.

Aurretik emandako pausoen jarraipena

Ekimen berri hau aurretik hasitako bidearen jarraipena da. Duela urtebete inguru, Udalak martxan jarri zuen kiroldegiko (Musakola eta Uarkape) txartel digitala, eta ordutik liburutegiko zerbitzua ere erabilgarri dago NIK aplikazioan. teknologia hauen helburua erabiltzaileentzat trabak ezabatu eta esperientzia "azkarrago, erosoago eta intuitiboagoa" eskaintzea dela gaineratu dute Udaletik, "digitalizazioa ez da etorkizuna, oraina da".

Nola erabili?

Erabiltzaileek NIK Patrika Digitala aplikazioa deskargatu besterik ez dute (iOS zein Android-en eskuragarri) eta bertan Arrasateko Herri txartela aktibatu. Identifikazio seguru horri esker, telefonoa sarbide-kontrolera hurbiltze hutsarekin ateak ireki edo instalazioak erabili ahal izango dituzte.

Jauzi digitala eta etorkizuneko erronkak

Jauzi digital berri honekin, Arrasateko Udala zerbitzuen integrazioan sakontzen ari da, herritarrei identifikazio eta autentifikazio digital segurua eskainiz. Gainera, Mankomunitatearekin eta Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan, hondakinen edukiontzien txartelak digitalizatzea izango da hurrengo urratsa, herritarrek mugikorretik ireki ditzaten. Erakunde ezberdinak dagoeneko lanean ari dira helburu hori lortzeko.