Ikusita Arrasateko Ostalaritza Elkarteak zer adierazi duen, Arrasateko Udalak adierazi gura du:

2021/04/13
Card image cap
Arrasateko Udalak hainbat neurri hartu ditu pandemia egoera dugunetik, ostalaritzan Covid-19ak eragindako kalteak arindu eta laguntzeko, eta guztira 392.853 euro inbertitu du.
  1. ZUZENEKO DIRULAGUNTZAK: Arrasateko ostalariek 201.600 euroko dirulaguntza jaso dute zuzenean. 98 establezimenduk egin dute eskaera, eta 94 eskaera onartu dira. Onartubako 4tik 3k ez dituzte bete baldintzak, eta 1ek eguneratu gabeko finantza egoera du udalarekin. Laguntza hilabete bitan eman da, itxita egondako hilabete biei dagokiena (2020ko azaroa eta abendua). Taberna bakoitzak 2.000 eta 2.800 euro arteko laguntzak jaso ditu. Datuok publikoak dira eta ikusgai daude www.arrasate.eus gardentasun atarian; hor agertzen da establezimendu bakoitzak zer laguntza jaso duen.
  1. URA ETA ZABORRA: Eusko Jaurlaritzak dekretuz aginduta derrigorrezko establezimendu itxieragatik, udalak hobariak ezarri zituen ur eta zabor tasan: 2020ko lehen sei hilean ura eta zaborra; azken hiruhilekoaren ur tasaren zati finkoa ez zen kobratu (urrikoa, azarokoa eta abendukoa), eta zaborraren tasari dagokionez, 2020ko azken bi hilabeteei dagokien tasa ere ez zen kobratu (azarokoa eta abendukoa); derrigorrezko itxiera epeari zegozkionak, hain zuzen ere. Orain, ostera, Eusko Jaurlaritzaren dekretuz derrigorrezko itxierarik ez dagoenez, legalki ez da posible hobari horiek aplikatzea ordenantzetan aldaketarik egin barik. Horrela, ostalarien ordezkariei udalarekin izan zuten bileran adierazi zitzaien aldaketa Osoko Bilkuratik pasatu beharra zegoela aurrez, eta, jada, apirilaren 15eko Osoko Bilkurarako gai ordenan sartu da dagokion aldaketa, udalak eurekin harturiko konpromisoari jarraituz. Hona hemen orain arte laguntzak zenbatekoak izan diren:
  • Zabor tasetan hobariak: 48.000 euro
  • Ur tasetan hobariak: 15.000 euro

2021eko bigarren seihilekoan udalak ez ditu kobratuko tasa horiek. Ostalariei 36.000 euro aurreztea ekarriko die.

  1. 3.      LAGUNTZAK TERRAZATEKO INBERTSIOETARAKO: Covid-19ak ekarri du negozioak segurtasun eta prebentzio neurri berrietara egokitzea (toldoak, itzalkinak, jaimak, manparak, altzariak, berogailuak…. Inbertsio horiek laguntzeko, udalak laguntza lerroa jarri zuen abian 2020an. Lehen deialdia 2020ko azaroan kaleratu zen eta 2021eko otsailean bigarrena. Laguntzak gehienez establezimendu bakoitzarentzat 2.000 euro, egiten duten inbertsio guztiaren % 25. Guztira, 23 establezimenduk aurkeztu dute eskaera oraingoz, eta udalak bideratu dituen laguntzak oraingoz izan dira guztira 26.246,27 euro. 
  1. 4.       LAGUNTZA BABES NEURRIAK HARTZEKO: Bestalde, Covid-19aren aurrean babes neurrien erosketa babesteko, udalak laguntza deialdi bat kaleratu zuen (gelak, musukoak eta abar). Guztira 71 establezimenduk (ostalaritza eta merkataritza) aurkeztu zuten eskaera, eta udalak 19.507 euro bideratu zuen laguntzetan.
  1. TERRAZAK: Jakin dakigu Covid-19aren aurrean ostalaritzarentzat garrantzitsuak direla, aukera eskaintze aldera udalak herritarren segurtasuna bermatu eta ostalariek beren lana egiteko, terrazen gaineko tasan hobariak onartu zituen % 50 (dagoeneko terrazak jartzea eskatu duten ostalariek tasetan izan duten  % 50eko hobaria, 17.800 euro; ordutegiak zabaldu ziren terrazen irekiera aurreratuz eta terrazen azalera handitzea ere ahalbideratu zen, inolako kostu gehigarririk barik. Gainera, terraza zerbitzua emateko, erraztasunak eman ditu terrazak handitzeko eta aparkaleku publikoak erabiltzeko.

2021ean, terrazak jartzeko 85 eskaera jaso dira. Arrasateko Udalak baiezko erantzuna eman dio 81 eskaerari. Falta diren lau eskaera horietatik, kasu bitan oraindik aztertu barik daude; hirugarrena ezin izan da eman, ostalariak udalarekin finantza gai ugari eguneratu barik dituelako; eta laugarrenarik dagokionez, terraza handitzeko planteamenduak eragozpenak sortzen zituenez bizilagunetan, alternatiba bat eskaini zaio ibilgailuen aparkalekuak okupatuz handitu dezan jadanik daukan terraza.

18 establezimenduk jada bigarren baimen bat eskatu dute daukaten terraza baimena handitu edo eraldatzeko, eta baimena eman zaie. Bi establezimenduk, bigarren baimena jasota, hirugarren eskaera bat egin dute, terrazan mahai gehiago jartzeko.

  1. TERRAZEN ORDENANTZA: udalak gaur egun  terrazen araudia indarrean du. Terrazen gaineko ordenantza, guztion espazio publiko baten erabilera pribatiboa den neurrian, Arrasateko herritarrekin eta bizilagunekin elkarlanean landu behar da, partaidetza prozesu baten bitartez. 

Udalak nabarmendu du prestutasun osoa duela herriko ostalariekin lankidetzan jarraitzeko, eta ahalegin guztiak egin dituela elkarlana bultzatzeko, izan ere, herriaren garapen ekonomikoa eta biziberritze kulturala eta soziala estrategikoak direnez udalarentzat, herriko hiri ekonomia (merkataritza, zerbitzuak eta ostalaritza) funtsezkoa da.

Udalak eskatu du ere errespetuz eta zintzotasunez jarduteko. Bide batez udalak salatzen du alkatearen eta udal zinegotzien izenekin mezuak zabaldu direla sare sozialetan, eta udal zinegotzi batek jazarpena izan duela bere lan lekuan.

 

Informazioaren gardentasuna:

Ostalarien ordezkariakbilera eskaera bat egin zion udalari apirilaren 6an, eta informazioa eskatu (zenbat establezimenduk jaso dituzten laguntzak, zeintzuk ez, eta ezezkoaren zergati zehatza).

Udalak idatziz erantzun zion ostalarien ordezkariari apirilaren 7an; eskaturiko informazio zehatza eman zion eta bilera eguna jarri apirilaren 14rako.