Arrasateko Udalak Jesus Uranga Urrutia, Agustin Aramburu Zabaleta eta Gregorio González Rubio aitortu ditu Memoriaren Egunean

2021/11/11
Card image cap
1936an, tropa frankistak Arrasaten sartu zirenean erailak izan ziren oroitutako hautetsia eta bi udal langileak.

Arrasateko Udaleko Bizikidetza batzordeak, udal alderdi politiko guztietako ordezkariek osatua, Jesus Uranga Urrutia, Agustin Aramburu Zabaleta eta Gregorio González Rubio oroitu eta aitortu ditu gaur, azaroak 10, Memoriaren egunean.

Jokin Etxeberriak aurkeztu du ekitaldia. Bertan izan dira haien hiru alabak eta senideak, udalean ordezkaritza duten talde politikoak, eta hainbat eta hainbat herritar. Senideei harrera egin diete udal ordezkariek Udaletxe sarreran, duela 85 urte izandako gertakarien inguruan testuinguru txiki bat irakurri ostean, senideek hartu dute berba. Maria Ubarretxena alkateak adierazpen instituzional adostua irakurri du eta Iñigo Arregik sorturiko oroigarria eta lore sorta eman diete senideei, aitortza moduan, Amaia Garroren eta Marta Eizagirreren doinuek lagunduta.

1936an, tropa frankistak Arrasaten sartu zirenean erailak izan ziren hautetsia eta bi udal langileak.

  1. Jesus Uranga Urrutia. UGTko militantea. Zinegotzi sozialista eta Udaleko bigarren erregidorea zen. 1938an Fusilatu zuten Bidebietako tiro-eremuan akusazio faltsuetan oinarrituriko Gerra Kontseilu bat eginda.
  2. Agustin Aranburu Zabaleta. Udaleko kontu hartzailea. Donostian (Ondarretan) preso zegoela, aske uzten zutela sinestarazi, kartzelatik irten eta 1936ko azaroaren 5ean  Oiartzunera eroan zuten eta bertan fusilatu.
  3. Gregorio González Rubio. Gauzaina zen eta alderdi sozialistako kidea. Altxamendu faxistaren aurka miliziano, Arrasate erori ostean Erresistentziako lehen lerroan, Kanpanzar inguruan hil zuten.

Ekitaldi hau egiteak suposatzen du aurreko legealdian hartutako konpromiso bat betetzea. Legealdi honetan, azaroaren 10a biktimen memoria eguna izanik, adostu zen data hau baliatzea Arrasateko biktimak gogoratzeko. Ekitaldia antolatzerakoan ere, , alderdi guztien oinarrizko kontsentsua duten Intxortak eta Argituzek egindako liburuak oinarri hartu dira. Bertan jasotzen dira haien giza eskubideak urratuta ikusi zituzten biktimak, eta haiek gogoratu gura ditugu.

Hiru helburu bete gura izan ditugu ekitaldi honen bidez: hildako hiru biktimen aitortza, haien eta senideen erreparazioa, eta bizikidetzaren alde beste urrats bat ematea.