Arrasateko Udalak Jesus Uranga Urrutia, Agustin Aramburu Zabaleta eta Gregorio González Rubio aitortuko ditu azaroaren 10ean, Memoriaren Egunean

2021/11/03
Card image cap
Ekitaldia Udaletxeko Osoko Bilkuren Aretoan izango da Arratsaldeko 19:00etan

Arrasateko Udaleko Bizikidetza Batzordeak, udal alderdi politiko guztietako ordezkariek osatua, datorren azaroaren 10erako, Memoriaren Egunerako, oroitzapen- eta aintzatespen-ekitaldi bat antolatzea erabaki du.

Aurreko legealdian, memoria eta bizikidetza lantzeko bideari ekin zion Arrasateko Udalak. Udalean ordezkaritza politikoa duten alderdien arteko lankidetzatik, 1936-2018 urteetan herrian jasandako indarkeriaren eta giza eskubideen urraketen memoria berreskuratzeko urratsak egin dira, eta biktima guztiak oroitzeko eta aitortzeko bideari ekin zaio.

Oraingo honetan, Arrasateko Udalak beste urrats bat eman nahi du bide horretan, Jesus Uranga Urrutia zinegotzia eta Agustin Aramburu Zabaleta eta Gregorio Gonzalez Rubio udal-langileak gogoratuz eta aitortuz, 1936ko altxamendu frankistaren ondorioz erailak izan baitziren.

  • Jesus Uranga Urrutia. Udal hautetsia eta bigarren errejidore.
  • Agustin Aramburu Zabaleta. Udaletxeko kontu-hartzailea.
  • Gregorio González Rubio. Gaueko guarda.

Ekitaldia azaroaren 10ean izango da, 19:00etan, Udaletxeko Osoko Bilkuren Aretoan.

Ekitaldi hau antolatzeko, aurreko legealdian Intxortak eta Argituz-ek egindako liburuak hartu dira oinarri bezala. Bertan, beren giza eskubideak urratuta ikusi zituzten biktimak jasotzen dira, eta horiek dira gogoratu nahi direnak. Hiru dira Udalak ekitaldi honekin bete nahi dituen helburuak: 1) hildako hiru biktimen errekonozimendua, 2) biktima horien eta haien senideen erreparazioa eta 3) bizikidetzarako beste urrats bat ematea.

Udalak ekitaldian parte hartzera gonbidatzen ditu herritarrak.