Arrasateko Udalak Julio Galarta margolariaren 631 lan jaso ditu dohaintzan eta "Artistaren begirada" erakusketa inauguratuko du Kulturaten
2026/05/12
Arrasateko Udalak herriko ondare artistikoa nabarmen aberastuko duen dohaintza garrantzitsua onartu berri du: Julio Galarta Pintorearen Lagunak Elkarteak (JGPL) margolariaren 631 kuadro eman dizkio herriari. Dohaintza honek, guztira, 250.530 euroko balorazio ekonomikoa du eta margolariaren ibilbide oparoa islatzen duten formatu ezberdinetako lanak biltzen ditu.
Legatu hau gizarteratzeko, Udalak eta Elkarteak "Artistaren begirada" erakusketa antolatu dute Kulturateko klaustroetan. Inaugurazio ekitaldia ostiral honetan, maiatzak 15, izango da, arratsaldeko 18:30ean.
Arrasateko bizimoduak islatuz
Jaso den funtsa Julio Galarta Pintorearen Lagunak Elkarteak 2011tik hona egindako lan eskergaren emaitza da. Elkarteak artistaren 1.800 dokumentu baino gehiago inbentariatu eta katalogatu ditu urte hauetan guztietan. Gainera, orain onartutako dohaintzak artistaren familiak emandako lanez gain, Begoña Enparantza eta Ana Rosa Bidabururen oinordekoen obrak ere barne hartzen ditu. Akordio honen bidez, lanen titulartasuna eta jabetza Arrasateko Udalaren esku geratzen dira, Udalak obra hauek zaintzeko eta erakusteko konpromisoa hartuz.
Maider Morras Arrasateko alkateak eskerrak eman nahi izan dizkie artistaren familiari eta lagun elkarteari erakutsitako eskuzabaltasunagatik:
«Erakusketa honen bitartez, Arrasateko Udalak Julio Galarta Bengoaren bizitza eta obra ezagutarazi nahi ditu. Herrian ondo ezaguna dugu Julio Galarta margolaria; bere lanen bidez Arrasate eta bere ingurua, bizi izan zen garaia, eta garaiko herritarren izaera eta bizimodua zuzenean ezagutzeko aukera ematen digu. Julio Galartaren lagunen elkarteak mimo handiz egindako lanari esker, ondare baliotsu hau berreskuratu eta gizarteratzeko aukera izan dugu. Eskuzabaltasun handiz, Arrasateko herriari Julio Galartaren obra oparitu diozue, Udalak zaindu eta herritarrei erakutsi diezaion».
Artistaren ibilbidea eta "kolorearekiko grina"
Julio Galarta (1917-2011) Zizurkilen jaio bazen ere, bi urterekin Arrasatera bizitzera etorri eta bertan garatu zuen bere bizitza eta artea. Bartzelonako Tarregas Pintura Akademian eta San Jorge Artederretako Goi Eskolan trebatu ondoren, bere estiloa mundu osora zabaldu zuen, betiere bere inguruko paisaiak (Debagoiena, Aramaio eta Arrasate) ahaztu gabe.
Erakusketak Galartaren "kolorearekiko grina" nabarmentzen du, hori baitzen bere artearen ezaugarririk esanguratsuena. Artistaren berreskuratutako hitzetan: «Marrazketari lehentasuna ematen diot, eta gero koloreen harmonia. Euskal Herriko argia iragankorra da, iheskorra, beraz, gogor lan egin behar da kolore efektuak lortzeko».
Dohaintza honekin, margolariaren nahirik handiena betetzen da: bere legatu artistikoa Arrasateko herriarena izatea, etorkizuneko belaunaldiek haren obra ezagutu eta gozatu dezaten.