Arrasateko Udalak milioi bat euro inbertituko du 3 urtean, kale argiteria eguneratzen jarraitzeko

2022/12/29
Helburua da kale argiteriako argi puntu konbentzionalak eta osagarriak , LED argi puntuak eta LED argi puntu fotovoltaikoak hornitzea. Kontratazioa honela banatuko da: 647.000 euro lehen urtean eta 161.500 euro 2. eta 3. urtean. Lanak 2023ko lehen seihilekoan hasiko dira.

Arrasateko Udaleko Obra, Mantentze, Zerbitzu eta Auzoen sailak hornidura kontratazioa jarri berri du abian, 2023an kale argiteria berritzen jarraitzeko. Zehazki, helburua da kale argiteriako argi puntu konbentzionalak eta osagarriak, LED argi puntuak eta LED argi puntu fotovoltaikoak hornitzea.

Kontratazioa hiru urtekoa izango da, ia milioi bat eurokoa, BEZa barne, honela banatuta: 647.000 euro lehen urtean eta 161.500 euro 2. eta 3. urtean. Lizitazioaren hasierako aurrekontua da, eta, horren ondorioz, aurkezten diren enpresek eskaintzak hobetu ditzakete.

Kontratazioa hiru sortatan banatuko da :

1. sorta: luminaria konbentzionalak eta eskaini beharreko materiala: 68.482 euro, BEZa barne. Urteko prezioa, 2 urte gehiagoz luzatu daiteke.

2. sorta: LED luminaria elektrikoak: 126.930 euro, BEZa barne. Urteko prezioa, 2 urte gehiagoz luzatu daiteke.

3. sorta: LED luminaria fotovoltaikoak: 60.500 euro, BEZa barne. Urte bakarrerako lotea, luzapenik gabea.

Kontratazioaren inguruko informazioa www.arrasate.eus atarian dago interesdunen eskura. Lanak 2023ko lehen seihilekoan hasiko dira.

Gaur egun, Arrasatek 4.500 argi puntu ditu, eta 2017az geroztik ahalegin handia egiten ari da argiak LED teknologiara aldatzeko. Guztira 2.680 luminaria aldatu dira, eta hori da udalerriko instalazio elektrikoen % 60.

“Jarduera honekin, argiteria modernizatzen jarraitzen dugu, modu ekologikoan, kalitate handiagoko argiekin eta mantentze kostu baxuagoarekin. LED teknologiaren bidez energia gastua murriztu egin da, % 70eraino, kontsumo txikiari esker, eta ia ez du mantentze lanik- azaldu du Victoriano Fuentes Obra, Zerbitzu, Mantentze eta Auzoetako batzordeburuak. Jasangarrirtasunean eta energiaren kontsumo arduratsuan pausuak ematen jarraitzen dugu etengabe Arrasaten”.