Arrasateko Udalak kale garbiketa ordenantza berrituko du herritarren parte-hartzearekin: jasangarritasuna, hondakinen kudeaketa egokia, herri zaintza eta adierazpen askatasuna bermatzeko asmoz

2026/05/27
Card image cap
Helburua da ardura partekatuan sakontzea, garbitasunetik harago, hondakinak gutxitzea eta ingurugiroa ez kaltetzea, jasangarritasunean irabaziz. Zabalik da, ekainaren 28ra arte, lehen ekarpen eta ideiak proposatzeko aukera, eta uztailean zehar egingo dira eragileekin elkarrizketa eta parte hartze saioa. Ekarpenak jasota, irailean aurkeztuko da ordenantza berria, eta tarte berri bat zabalduko da herritarrek berain iritzia emateko. Udalak dagoeneko ezarri dituen ordenantza berriaren oinarrietan, besteak beste, hondakin eta zakarrak lurrera botatzea saihestea bilatuko da, birziklatze eta garbiketa jasangarria sustatzea, edota adierazpen askatasuna bermatzeko adierazpen libreko gune berrien proposamen zabala txertatzea.

Arrasateko Udalak jauzi kualitatibo bat eman nahi du herriko kaleen garbiketari eta espazio publikoaren kudeaketari dagokionez. Horretarako, 2016an onartu zen eta polemika handia eragin zuen egungo Kale Garbiketa Ordenantza berritzeko prozesua abiatu du, agintaldi honetako Gobernu Planean jaso bezala. Udal Gobernuaren helburua da egungo gabeziei erantzutea eta herritar zein eragileekin batera adostutako araudi jasangarriago, eraginkorrago eta demokratikoago bat osatzea. 

“Egun indarrean dagoen ordenantzak, ia hamar urteko ibilbidean, ez ditu lortu jarritako helburuak. Garbiketaren oinarriak zabaldu behar dira, irizpide jasangarriak ezarriz, hondakinen kudeaketa egokia bermatuz, herri zaintzaren ardura partekatua azpimarratuz eta pebentzio bitarteko berriak indartuz. Gainera, egungo araudiak parte hartze soziala oztopatzeko arriskua izan dezake, adierazpen askatasunarekin talka eginez” azaldu dute Udaletik.

Aldaketaren beharra: prebentzioaren eta jasangarritasunaren garrantzia 

Ordenantza berriaren helburuetako bat prebentzioan inziditzea izango da. “Helburua ez da gehiago garbitzea, gutxiago zikintzea baizik. Horregatik, haur zein helduentzako kontzientziazio kanpaina eta formazioak bultzatzea izango da helburuetako bat” azaldu dute Udaletik. 

Ordenantza berriak aipatutako prebentzio lanetarako konpromisoak jasoko ditu, eta hauek burutzeko ardurak ere ezarriko ditu. “Orain arteko ordenantzan herritarren gaineko debekuak ezartzen ziren orokorrean, eta herri garbi baten helburua betetzeko guztion inplikazioa ezinbestekoa da. Horregatik, herritarren ardura eta betebeharrez gain, Udalarenak ere ezarriko dira, baita helburu hori lortzeko bidelagun izan daitezkeen eragileenak ere. Guztion elkarlana ezinbestekoa izango da” azaldu dute. 

Ordenantza berriaren misioa eta helburuak 

Udalak eredu berri bat eraiki nahi du, honako zutabe hauetan oinarrituta:

  • Garbiketa eredu jasangarria: Prebentzioan eta kudeaketa eraginkorrean sakonduko duen eredura igarotzea. Ingurugiroari kalte txikiena eragiteko bitarteko berriak ezartzea bilatuko da, herritarren eta erakundeen konpromisoa lortuz eta kontzientziazioa sustatuz.
  • Adierazpen askatasuna eta bizikidetza: Herritarren eta eragileen adierazpen publikorako eskubidea bermatzea, espazio publikoaren erabilera demokratikorako oinarriak adostuz. Horretarako, besteak beste, hainbat adierazpen libreko gune berri aurreikusi ditu Udalak.
  • Zero zabor filosofia: Hondakinen kudeaketi lotutako herritarren kontzientziazioan eta formazioan oinarritutako kanpainak indartzea.
  • Ondarearen babesa: Herriko ondare historiko zein publikoa zaintzea, adibidez, txakurren pixak garbitzen lagunduz, edota kalterik eragiten ez duten komunikazio-euskarri egokiak eskainiz.
  • Proportzionaltasuna eta sinpletasuna: Baimen-sistemak erraztea (esaterako, erantzukizunpeko adierazpenen bidez) eta zehapen-araubidea berriztea, zigorraren aurretik ohartarazpena edo borondatezko zuzenketa lehenetsiz.
  • Genero-ikuspegia eta berdintasuna: Espazio publikoa irisgarria eta segurua izatea bermatzea, kolektibo zaurgarrien ahotsa errespetatuz.
  • Gorroto-mezuak kanporatzea: Mezu matxista, arrazista, LGTBIfobo, iraingarriak edo diskriminatzaileak berariaz debekatzea.

Adierazpen askatasuna bermatzeko gune berriak

Arrasate herri sozialki eta politikoki bizia dela jakinda, Udalaren asmoa da adierazpen askatasuna eta parte-hartze soziala bermatzeko gune berriak ezartzea. Izan ere, 2016an onartu zen ordenantzak sortutako gatazka eta alegazio nagusienak gai horri lotuta zeuden, bertan jasotako mugek herritarren eta eragileen komunikazio-beharrak zailtzen baitzituzten.

Egoera horri buelta emateko, Udalak adierazpen libreko gune berrien proposamen zabala txertatzea aurreikusi du, gaur egun eragileek erabili ohi dituzten pareten inguruan kokatzeko. Helburua da espazio horiek modu ordenatu eta ofizialean legeztatzea, eta, aldi berean, ondare historikoa babestea, fatxadetan kaltegarriak izan daitezkeen produktuen erabilera ekiditeko. 

Hala ere, gune horiek proposamen bat baino ez dira, eta Udalak eragileak entzun nahi ditu beraien iritzia ezagutzeko eta kokapen berriak adosteko aukera eskaintzeko. “Elkarrekin adostutako irtenbideak bilatzea funtsezkoa da, gaur egungo ereduak ez baitu lortu espazio publikoaren kalitatea bermatzea”; izan ere, 2016tik hona 161 espediente administratibo bideratu dira eta 291.568 euro gastatu dira fatxadak garbitzen, emaitza esanguratsurik lortu gabe

Herritar eta eragileen parte-hartzea abian 

Udalak entzuteko prestutasun osoz ekingo dio prozesu honi, herritarrak eta eragileak hasieratik bidelagun izan daitezen.

Hori dela eta, gaurtik, maiatzaren 26tik, ekainaren 28ra arte, aurretiazko kontsulta publikoa egongo da zabalik Udalaren webgunean. Fase honetan, herritarrek egungo guneen inguruko iritzia eman dezakete, euskarri berrietarako lekuak proposatu edo baimen-sistemak nola hobetu iradoki.

Aipatutako epeetan norbanako zein taldeen ekarpenak idatziz egiteaz gain, Udalak eragileekin elkarrizketa eta parte hartze zueneko hitzorduak egingo ditu. Ordenantza berriaren oinarriak aurkeztu eta iritzi ezberdinak jasotzeko. 

Ondorioz, honako faseak izago ditu parte hartze prozesuak:

  • Gaurtik hasi eta ekainaren 28ra arte ekarpen irekiak egiteko aukera aurretiazko kontsultan. Udaleko webgune honetan egin daitezke idatziz ekarpenak, edo BAZ bitartez. 
  • Eragileekin parte hartzea: ekaineko lehen asteetan gonbidapena jasoko dute herriko eragileek prozesuan parte hartzeko. Eta hitzorduak uztailean zehar gauzatuko dira. 
  • Ordenantzaren lehen zirriborroa aurkeztea eta herritarren ekarpenak jasotzea izango azken fasea. Azken urrats hau iraila eta urria bitartean gauzatuko da. 

Ondoren, dagozkion ekarpenak txertatuta, behin behinekoz onartzeko eramango da osoko bilkurara. Udalbatzak onartzen badu, alegazio prozesua irekiko da.

Arrasateko Udalak herritar guztiak gonbidatzen ditu prozesu honetan parte hartzera, guztion artean herri jasangarriago, garbiagoa, biziagoa eta errespetuzkoagoa eraikitzeko helburuarekin.