Arrasateko Udalak ‘Kirola Herrira Eguna 2026’ aurkeztu du, kirol klubak balioan jartzeko eta gaur egungo Iturriperi agur esateko, kirol gune berri bati bide emateko

2026/09/17
Datorren irailaren 19ko goizean, zapatu honetan, herriko kirol elkarteek beren jarduna kalera aterako dute eta hurbiletik erakutsiko dizkiete kirol desberdinak herritarrei. Ekimenak balio izango du, era berean, urtez urte kirol elkargune izan den Iturriperi agur esateko, laster bertan kiroldegi berria eta hiri-parkea eraikitzen hasiko baitira. Udalak 'Kirol Herria' plana ere garatzen jarraitzen du, Hirigintza sailarekin batera, Iturripeko kanpo-espazioak herriko beste plaza zein gune batzuetan birkokatzeko eta berriak sortzeko.
Arrasateko Udalak ‘Kirola Herrira Eguna 2026’ aurkeztu du, kirol klubak balioan jartzeko eta gaur egungo Iturriperi agur esateko, kirol gune berri bati bide emateko

Arrasateko Udalak Kirola Herrira Eguna 2026 ekimena antolatu du zapatu honetarako, irailak 19, Iturripe Kirol Gunean. Ekimen honen helburu nagusia da Arrasateko kirol taldeek urte osoan zehar egiten duten funtsezko lana balioan jartzea eta kirola ohiko kantxa zein esparruetatik herritarrengana gerturatzea. Bide batez, jai giroan agurra emango zaio egungo Iturripeko kirol guneari, denbora gutxi barru eremu horren birmoldaketa osoa eta instalazio berrien eraikuntza hasiko baita.

Kirola kalera eta elkarteen lana erakusgai

Kirola Herrira Egunak herrian praktikatzen diren kirol diziplina anitzak ikusteko eta probatzeko aukera eskainiko die herritar guztiei. Horretarako, 8 gune desberdin prestatuko dira Iturripen:

  • 1. gunea: Ointxe Saskibaloi Elkartea (11:30-12:30) eta Mondrate Kirol Taldea (12:30-13:30).

  • 2. gunea: Mondragon Futbol Taldea (11:30-12:30) eta Arrasate Eskubaloi Taldea (12:30-13:30).

  • 3. gunea: Arizmendi Kirol Elkartea - Boleibola (11:30-12:30) eta AKE - Tenisa (12:30-13:30).

  • 4. gunea: Dorletako Ama Txirrindularitza Elkartea (11:30-12:30) eta Arrasate Rugbi Taldea (12:30-13:30).

  • 5. gunea: Atletismoa (11:00-12:30).

  • 6. gunea: Arrasate Pilota Elkartea (11:30-12:30) eta Ixotu Irristaketa Hockey Kluba (12:30-13:30).

  • 7. gunea: Desoreka Judo Kluba (10:00-11:00), Aikido Kirol Taldea (11:00-12:00), Saio Karate (11:30-12:30) eta Arrasate Judo Kluba (12:30-13:30).

Gainera, bertaratzen diren herritarren artean kirol materialaren zozketa egingo da. Zozketan parte hartzeko, ezinbestekoa izango da 11:30etik 12:30era bitartean izena ematea eta dagokion zenbakia jasotzea Iturripen.

Iturripe berria: Kiroldegia eta Hiri Parkea

Kirola Herrira Egunak etorkizuneko Iturripe berriari ere bidea zabalduko dio. Mikel San Miguel Kirol zinegotziak azaldu duenez, "Iturripe gunea erabat eraldatuko da datozen urteetan, kiroldegi modernoa eta kalitatezko hiri-parke berri bat uztartuz".

Egitasmo berri honek azpiegitura bikainak eskainiko dizkie arrasatearrei:

  • Kiroldegi berria: 650 m² baino gehiagoko gimnasioa, klubentzako 18 aldagela zein biltegiak, tatamia, areto polibalenteak, bi frontoi berri (bat irekia), kanpoko rokodromo urbano bat eta 1.700 m² baino gehiagoko bi kirol-pista handi. Horrez gain, eraikina jasangarria eta eraginkorra izango da, kontsumo ia nulukoa eta babes klimatiko gisa diseinatua.

  • Hiri Parke berria: Aisialdirako eremu berdea, ibaiaren ertza berreskuratua, haur-parkea, taberna, atseden-guneak, bizikletentzako aparkaleku estaliak eta adinekoentzako zein mahai-teniserako kirol-eremuak.

San Miguelen hitzetan, "aurreikuspenen arabera, dena ondo bidean, urte amaieran has daitezke obrak, baina prozedimendu administratibo guztiak zorrotz errespetatuz eta berme guztiekin exekutatuko dira".

'Kirol Herria' plana: kanpo-espazioak herrian zehar birkokatzea

Amaitzeko, Arrasateko Udalak 'Kirol Herria' plana bultzatzen jarraituko du, kirol-jarduna herri osora zein auzo ezberdinetara zabaltzeko asmoz.

Horren harira, Kirol zinegotziak azpimarratu du Udalak egitasmo zehatz bat duela Iturripen gaur egun dauden kanpo-kirol espazioak herriko beste txoko zein plazetan berreskuratzeko: "Kiroldegi berriaren ondorioz birmoldatuko diren kanpo-espazio horiek herriko beste gune batzuetan birkokatzea eta, gainera, berriak sortzea da gure helburua. Lan horren bideragarritasuna aztertzen ari gara Hirigintza sailarekin batera, eta epe ertaineko exekuzio plan baten bidez bideratuko dugu".