Arrasateko Udalak kontratupeko langile guztien soldatak bere osotasunean bermatuko ditu

2020/04/03
Card image cap
Arrasateko Udalak 8/2020 dekretuaren eraginez automatikoki etenda geratu diren zerbitzu guztien langileen soldatak %100-ean mantenduko ditu.

Gizartean Covid-19ak eragindako pandemia medio, Alarmako Estatua dekretatu zen martxoaren 14an, eta ondorenean, larrialdi neurri ugari hartu dituzte erakunde ezberdinek.

Administrazio publikoari dagokionez, martxoaren 18ko 8/2020 Errege Dekretu Legeak, COVID-19aren inpaktu ekonomiko eta sozialari aurre egiteko premiazko ezohiko neurriei buruzkoak, dio hainbat udal kontratu publiko automatikoki etenda geratzen direla, funtsean, zerbitzuak fisikoki ematen dituztenak eta konfinamendu egoeraren ondorioz, zerbitzu horiek itxi egin direnez, zerbitzu horiek ematea galarazten den kasuetan.

Horrela, legeari jarraiki, Arrasateko Udalak presentzialki ematen zituen hainbat zerbitzu publiko automatikoki etenda geratu dira, izan ere, Udal instalazioak itxita daude alarma egoera izendatu zenetik.

Automatikoki etenda geratu diren kontratuen artean aurkitzen dira TAO zerbitzua, Lorezaintza zerbitzua, margo ikastaroa, kirol jarduera gidatuak, ludoteka eta gaztetxokoak,  haurren kontseilua, udal haur eskola zerbitzua, kale hezitzaileen programa, edota turismoko bisita gidatuak.

Hau da, automatikoki etenda geratu dira presentzialki ematen diren zerbitzuak eta zerbitzu hauek telematikoki ematea posible ez direnak. Modu telematiko edo telefonikoan eman ahal direnak ordea, mantendu egin dira. Esaterako,  Ikastetxeetan biolentzia matxista ekiditeko programa edota Eskuhartze psikosoziala.

Hala ere, Udalak automatikoki etenda geratu diren kontratuen langile guztien soldatak %100 ordainduko ditu. Beraz, zerbitzua ez eman arren, langileek berdin kobratzen jarraituko dute.

Gainera Udalak kontratistari ordainduko dizkio ere: behin betiko bermea mantentzeagatiko gastuak; makineria, instalazioak eta ekipoak alokatzeko gastuak edo horien mantentze-kostuak; eta pleguan aurreikusitako eta kontratuaren xedeari lotutako aseguru-polizei dagozkien gastuak.

Behin, Alarma Egoera gainditu ostean, zerbitzu guztiak osasun-krisi aurreko baldintza berberetan jarriko dira abian.