Arrasateko Udalak Kulturateko klimatizazio sistemaren ordezkatze integrala burutuko du, epe luzerako zerbitzu duina bermatzeko

2026/09/23
Aurrekontua ia bikoiztu egin da 190.000 € arte, eta urriko Osoko Bilkuran aurrekontuaren kreditu aldaketa onartuko da, hasiera emanez prozedura administratiboari. Makinak 20 urte ditu eta erabat berritzea lehenetsi da. Dena ondo bidean, urrian lehiaketa publikoaren prozesu administratiboa igaro ondoren, lanak urtarrilaren amaieran hastea aurreikusten da.
Arrasateko Udalak Kulturateko klimatizazio sistemaren ordezkatze integrala burutuko du, epe luzerako zerbitzu duina bermatzeko

Kulturateko aire egokitua eta klimatizazio sistema erabat berritzeko proiektua azken txanpan sartu da. Udal Gobernuak klimatizazio-sistema osatzen duten bi hozte-ekipoak (216 kW eta 106 kW-koak) erabat ordezkatzearen aldeko hautua egin du, herritarrei eta erabiltzaileei datozen hamarkadetarako kalitatezko zerbitzu duin eta fidagarria bermatzeko helburuarekin.

20 urteko makinak erabat berritzea

Kulturateko klimatizazio sistemak 20 urte ditu. Azken hilabeteetan zerbitzuan gertatutako etenak direla eta, Udalak hainbat konponketa saiakera egin dituen arren, teknikariek egiaztatu dute antzinatasun horretako instalazio batean konponketak oso garestiak direla eta ez zutela inolako bermerik eskaintzen epe ertain zein luzera.

Sistemari behin betiko konponbidea emateko helburuarekin, hasiera batean 2026ko aurrekontuetan 100.000 euroko partida gordeta zegoen makina nagusia ordezkatzeko. Hala ere, azken hilabeteetan makina txikiak ere arazo teknikoak eman ditu. Ondorioz, Udalak bi makinak erabat berritzea lehenetsi du, epe luzerako inbertsio sendo bat eginez. Modu horretara, aurrekontua ia bikoiztu egin da, 190.000 euroraino iritsiz.

Bermea, gardentasuna eta lanen exekuzioa

Udalak gogorarazi du kontratazio publikoek prozedura administratibo zorrotzak jarraitu behar dituztela legez. Gardentasuna bermatzea, ustelkeria prebenitzea eta enpresa guztiei aukera berdintasuna eskaintzea ezinbesteko betebeharrak dira administrazio publikoan.

Udalak urrats hauek zehaztu ditu lanak abian jartzeko:

     Urriko Osoko Bilkura: Plegu teknikoak prest daude eta urriko plenoan onartuko da beharrezko kreditu aldaketa.

     Lizitazio publikoa: Behin kreditu aldaketa onartuta, lehiaketa publikoa abiaraziko da urrian. Esleipen prozesuak hiru hilabeteko iraupena izan ohi du.

     Lanak hastea: Dena ondo bidean, urtarrilaren amaieran hasiko dira makina berriak instalatzeko lanak.

Udal ordezkariek azpimarratu dutenez: “Makina handia berritu behar zen, baina txikiak ere azken hilabeteetan arazoak eman ditu. Ondorioz, eta datozen hamarkadetarako inbertsio gisa, biak aldatzea erabaki dugu. Betidanik defendatu dugu Udaleko eraikinen mantentzea ezinbestekoa dela azpiegituren zahartzea saihesteko eta erabilera duina bermatzeko”. Azken udako beroaldiek Kulturateko erabiltzaileengan eragindako eragozpenak direla eta, Arrasateko Udalak barkamena eskatu nahi die herritarrei sortutako ezinegonagatik. Bide batez, eskerrak eman dizkie erakutsitako ulermen eta pazientziagatik, epe luzera guztiontzako hobekuntza nabarmena ekarriko duen inbertsio honen aurrean.

Efizientzi energetikoa eta kudeaketa automatizatua makina berrietan 

Kulturaten egingo diren lanen artean honako ezaugarri tekniko hauek nabarmentzen dira:

     Ekipo berriak eta eraginkortasuna: Kulturateko teilatuan dauden 216 kW eta 106 kW-ko bi hozte ekipo zaharrak kendu eta azken belaunaldiko efizientzia handiko makinak instalatuko dira.

     Kudeaketa automatizatua: Makina berriak METASYS eraikinen automatizazio eta kudeaketa sisteman integratuko dira, errendimendua eta kontsumo energetikoa uneoro kontrolatzeko.