Arrasateko Udalak La Merced ikastetxe zaharra erosteko erabaki estrategikoa gauzatu du, herriari eta ongizateari ate berri bat zabalduz
2026/06/12
Arrasateko Udal Gobernu Batzordeak La Merced ikastetxea erosteko erabakia hartu du. Erabakia orain hartu bada ere, salerosketa kontratua sinatzea eta ordainketa 2027. urtearen hasieran gauzatuko da. Operazio honek 3.000.000 euroko inbertsioa suposatuko du herriarentzat.
Etxebizitza eta zaintza ardatz
Erosketa honen helburu nagusia gaur egun erabilerarik gabe dagoen espazio estrategiko hori berreskuratzea da, herritarren ongizatea ardatz hartuta. Eraikinak ikuspegi sozial nabarmena izango du, eta bi zutabe nagusiren inguruan garatuko da:
- Alokairuzko etxebizitzak sustatzea, herriko etxebizitza beharrei erantzuteko.
- Zaintzari lotutako proiektu berritzaileak abian jartzea.
Proiektu hauen dimentsioa dela eta, Arrasateko Udala jada harremanetan dago Eusko Jaurlaritzarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, lankidetza esparruak eta finantzaketa bideak zehazteko.
Ate berri bat etxebizitzari eta ongizateari
Alkateak erosketa honek herriarentzat duen garrantzia azpimarratu du: "Erabaki honekin jauzi garrantzitsu bat ematen dugu Arrasateko hirigintzan eta gizarte politiketan. Gaur egun erabilerarik gabe dagoen espazio bati bizi berri eta funtzio berri bat emango diogu, herritarrentzako gune bizi eta baliagarria bihurtuz. Espazioak belaunaldi ezberdinen beharrei erantzutea du helburu. Modu honetan, ate berri bat zabaltzen zaio Arrasateri, etorkizuneko erronkei, etxebizitzari eta zaintzari kasu, erantzun sendoa emateko".
Irailean mojek agur esango dote eraikinari
Gaur gaurkoz lau moja bizi dira La Merced eraikinean, eta hauek irailean alde egingo dutela iragarri dute. “Udal Gobernutik gure esker beroenak eman nahi dizkiogu urte luzez hemen izan diren mojei, izan ere, mojak ezinbesteko bidelagun izan dira salerosketa akordioa ixteko. Izan ere, Udalak erosi ezean, arriskua baitzegoen era funts batek eraikina erosteko. Erosketa honekin Arrasatek irabazten du” azaldu du alkateak.
Eraikina hutsik geratzen den unetik aurrera, Udalak segurtasun neurri eta sistemak ezarriko du bertan. Erosketa honekin, Udalak bere zerbitzuak handitzeko eta etorkizuneko proiektu estrategikoak gauzatzeko baliabide garrantzitsu bat bereganatuko du.
