Arrasateko udalak, merkataritza arloan euskara sustatzeko apustua berretsi eta zerbitzuen katalogoa berritu du

2019/10/17
Card image cap
Udalak, batetik, euskararen normalizazioa eta, bestetik, lehiakortasuna helburu, zerbitzuak eskaintzen dizkie establezimenduei, dituzten hizkuntza beharrei aurre egin eta euren beharretara egokitutako hizkuntza zerbitzuak izan ditzaten

Euskararen normalizazioan, merkataritza sektore estrategikoa da, izan ere,  herritarren egunerokotasunean garrantzia handia du eta era askotako harremanak sortzen dira (aisialdiarekin lotutako harremanak, salerosketak….). Hori dela eta, Arrasateko Udalak merkataritzan euskararen erabilera sustatzeko plana du. Euskarak gero eta funtzio gehiago ditu gure gizartean, lanean, erosketak egiterakoan… beraz, beharrezkoa da euskara ere aintzat hartzea kalitatez lehiatu nahi bada.

 

Arrasateko Udalak, bi helburu horiei jarraiki, batetik, euskararen normalizazioa eta, bestetik, lehiakortasuna, zerbitzuak eskaintzen dizkie establezimenduei, dituzten hizkuntza beharrei aurre egin eta euren beharretara egokitutako hizkuntza zerbitzuak izan ditzaten. Zerbitzuok eskaintzeko katalogoa oraintsu berritu du Udalak eta ondorengoan dira eskaintzen dituen zerbitzuak:

 

  • Establezimendu berriak ireki aurretik Udalaren hizkuntza zerbitzuen berri ematea. 

 

  • Normalizazio planak. Laneko eta harremanetarako hizkuntza euskara izateko normalizazio planak bideratzea merkataritzan eta zerbitzu hizkuntzan.

 

  • Hizkuntza aholkularitza establezimenduei: Terminologia kontsultak, testuen zuzenketa, testu ereduak, itzulpen teknikoa.

 

  • Errotuluak eta irudi korporatiboa euskaraz jartzeko dirulaguntzak.

 

  • Web orriak euskaraz egiteko dirulaguntzak.

 

  • Hizkuntza prestakuntza. Euskalduntze ikastaroak, alfabetatze ikastaroak, eta euskara teknikoko ikastaroak. Arlo honetan, urtero eskaintzen diren merkatarientzako ikastaroez gain, aurten,  ostalarientzako eskaintza ere gehitu da aurten.

 

Bestalde, Udalak Ibai arterekin hitzarmena sinatzen du urtero, herriko merkataritza suspertzera bideratutako laguntza emateko.  Hitzarmen honek helburu du herriko merkataritza indartzea eta arrasatearrak herrian erosteak duen garrantziaz kontzientziatzea. Baina sektore honek herrian euskararen erabilera sustatzeko duen garrantzia kontutan izanik, hitzarmen horretan hizkuntza irizpideak ere txertatu eta horien jarraipena ere egiten du. Hitzarmen honen baitan, Udalaren diru ekarpena jasotzen duten establezimenduek, honako betebeharrak dituzte:

  • Mezu idatziei (kartel, iragarki, esku programa, liburuxka, eskaintzak…) dagokienez, euskaraz edo ele bietan idatzi beharko dira. Ele bietan idatzitako testuetan euskarazko zatia bereziki nabarmendu beharko da.
  • Ahozko komunikazioetan ere euskara erabiltzera joko da eta bi hizkuntzak erabili behar izanez gero, euskarari emango zaio lehentasuna erdarakoen aurretik azalduz.
  • Mezuen egokitasuna eta hizkuntza zuzentasuna bermatzeko aholkularitza zerbitzua Arrasateko Udaleko Euskara zerbitzuak emango du.
  • Euskara zerbitzuaren esku geratuko da konpromiso hauen betetze mailaren kontrola.

Horiek horrela, 2018an, errotuluak eta irudi korporatiboa euskaraz jartzeko 13 eskaera jaso ziren eta 2.916,08ko dirulaguntza banatu zen; webgunea euskaraz egiteko 6 eskaera jaso ziren eta horretara bideratu ziren 1.151,76 euro; 9 normalizazio plan egin ziren (guztira 141 plan egin dira dagoeneko); eta bestelako hainbat eskuhartze ere egin ziren, 50 itzulpen, 34 zuzenketa, 21 terminologia kontsulta eta 32 bisita.

Arrasateko Udalak ezinbestekotzat du euskararen normalizazioa bultzatzeko erakundeetatik aritzea eta, ondorioz, azken urteetan egindako lanari jarraipena emateko eta zerbitzuak berritzeko eta osatzeko lanean dihardu.