Arrasateko Udalak "Merkataritza berriari ateak zabaltzen" kanpaina abiarazi du armairu adimenduen erabilera eta parte-hartzea sustatzeko

2026/09/29
Herritarrek erosketak modu malguan jaso ditzaten sustatu nahi du Udalak, eta tokiko merkatari nahiz ekoizle berriak proiektura batzeko gonbita egin die. Ekainean jarri zen martxan zerbitzu berria, eta, ordutik, 20 merkatari zein ekoizlek parte hartzen dute.
Arrasateko Udalak "Merkataritza berriari ateak zabaltzen" kanpaina abiarazi du armairu adimenduen erabilera eta parte-hartzea sustatzeko

Ekainean emandako lehen urratsaren ondoren, Arrasateko Udalak bultzada berria eman dio herriko komertzio txikia eta azokako ekoizleak sustatzeko helburua duen zerbitzu berritzaileari. Irailean sartzearekin batera, Udalak "Merkataritza berriari ateak zabaltzen" izeneko sentsibilizazio eta sustapen kanpaina jarri du martxan, herritarrak armairu adimendunak erabiltzera bultzatzeko eta saltoki zein ekoizle berriak ekimenera erakartzeko asmoz.

Ordutegi mugarik gabe, tokiko merkataritza bizirik mantentzeko

Ekimena ekainean aurkeztu zen herriko komertzio txikien eta azokako ekoizleen jarduera indartzeko xedez. Jaime Bengoa Tokiko Ekonomia eta Enplegu zinegotziak azpimarratu zuenez, helburu nagusia da dendetako irekiera-ordutegiak erosketak tokiko saltokietan egiteko oztopo ez izatea. Modu horretan, bezeroek euren enkarguak nahi duten unean jaso ditzakete, salmentak handitzen lagunduz eta herriko denda txikiak bizirik mantenduz.

36 kutxatila eta erabilera erraza QR kode bidez

Zerbitzua "Normo" armairu elektroniko adimendunean oinarritzen da. Instalazioak tamaina desberdineko 36 kutxatila ditu guztira:

●      12 kutxatila S neurrikoak (22 cm).

●      12 kutxatila M neurrikoak (33 cm).

●      12 kutxatila L neurrikoak (44 cm).

Zerbitzu hau Arrasateko merkatari txikiek eta azokako saltzaile zein ekoizleek soilik erabil dezakete. Funtzionamendua oso erraza da bai dendariarentzat bai bezeroarentzat:

  1. Enkargua uztea: Erosleak eskaera egindakoan, dendariak edo ekoizleak paketea armairuan utzi eta bezeroaren telefonoa edo emaila sartzen du.
  2. QR kodea jasotzea: Paketea armairuan dagoen unean, bezeroak QR kode bat jasotzen du SMS edo posta elektroniko bidez.
  3. Jasotzea: Bezeroak QR kodea armairuko irakurgailuan eskaneatu besterik ez du egin behar dagokion kutxatila zabaltzeko. Enkargua jasotzeko gehienez 72 orduko epea dago.

Nola batu daitezke merkatariak proiektura?

Dagoeneko 20 merkatari eta ekoizlek eman dute alta zerbitzu berri honetan, eta  Udalak gogorarazi du sistemaren erabilera progresiboki zabaltzen ari dela. Hori dela eta, "Merkataritza berriari ateak zabaltzen" kanpainaren bidez, parte hartu nahi duten merkatari zein ekoizle berri guztiei zerbitzuan txertatzeko gonbidapena luzatu die. Proiektuan parte hartu nahi duten merkatari eta azokako ekoizleek mezu bat idatz dezakete merkataritza@arrasate.eus posta elektronikora edo telefonoz 943252017.

Altan eman diren komertzioetako batzuk:

  1. Sikol Lenzeria
  2. Buart loradenda
  3. Kilikolo
  4. Lasagabaster
  5. Belun
  6. Mikros
  7. Ennea
  8. Feli denda

Altan eman diren tokiko ekoizleak:

  1. Elkoro baserria
  2. Artazubiaga baserria
  3. Azoka Ramos frutadenda
  4. Azoka Gazta
  5. Azoka Lautadako produktuak
  6. Aranguren baserria
  7. Maialen Buendía Artisaua
  8. Lisagazar
  9. Errastiko ogia
  10. Edurne Erauskin Artisaua
  11. Mendibitzu
  12. David Manso Erlezaina