Arrasateko Udalak migrazio esperientziari buruzko solasaldia eta lau saioko tailer bat antolatu ditu Kulturaten
2026/10/13
Arrasateko Udalak migrazio esperientzia hurbiletik ezagutzeko eta prozesu horren inguruko eragin emozional nahiz sozialak aztertzeko bi jarduera nagusi antolatu ditu Kulturaten.
Solasaldia: urriaren 20an Kulturaten
Lehenengo topaketa urriaren 20an izango da, 18:30etan, Kulturaten. Solasaldiaren helburua herritar guztientzat gune ireki eta partekatua sortzea da, migrazio prozesuetan agertzen diren emozioak, aldaketak eta egokitzapen bideak ezagutu zein eztabaidatzeko.
Saio honetan migrazioaren arrazoi eta egoera anitzak, migrazio dolua eta prozesu horren ezaugarri bereziak landuko dira. Horrez gain, pertsona guztientzat ibilbide bera edo lineala ez dela ulertuta, integrazio egokia sustatzeko tresnak partekatuko dira. Hizlaria Marisol Abreu izango da, psikologo sistemiko transpertsonala eta Emakume Txokoko Loratzen topagunearen formatzailea nahiz bideratzailea.
Lau saioko tailerra azaroko astelehenetan
Solasaldiaz gain, azaroko astelehenetan lau saioko tailer praktiko bat egingo da migrazio prozesuarekin lotutako bizipenak sakonago lantzeko. Tailerrak entzuteko, adierazteko, ulertzeko eta elkartzeko espazio segurua eskaini nahi du, parte hartzaileek beren sentimenduak izendatu, antzeko esperientziak bizi izan dituzten beste pertsona batzuengan beren burua ezagutu eta pertenentzia nahiz identitate zentzua berreraiki ditzaten.
Saioak azaroaren 2, 9, 16 eta 23an izango dira, 17:30etatik 19:30etara, Kulturateko Jokin Zaitegi aretoan, eta hauek ere Marisol Abreuk dinamizatuko ditu.
Izen ematea
Tailerrean parte hartzeko aurrez izena eman behar da helbide honetan: https://izenemateak.arrasate.eus.