Arrasateko Udalak Mojategi baserri historikoa eta inguruko lurrak jaso ditu dohaintzan, herriko ondarea babesteko

2026/07/23
Card image cap
Udalak eskerrak eman dizkio familiari erakutsitako eskuzabaltasunagatik. Behin eraikina eskuratuta, baserriari babes historikoa emateko bidea irekiko du Udalak, izan ere, baserria, XV. mendeko hainbat idatzitan aipatzen da.

Arrasateko Udalak eta Mojategi baserriko jabetza zuen familiak jabetza aldaketa sinatu dute. Akordio honen bidez, familiak (Antton Sagasta Errastiren oinordekoen izenean) baserria eta inguruko lur sailak eman dizkio Udalari doan.

 

Udalaren esker ona eta konpromisoa

 

Udalak eskerrak eman dizkio familiari erakutsitako eskuzabaltasunagatik, dohaintza honek herriko ondare historikoa zaintzeko aukera ematen duelako. Jabetza jaso ostean, Udalak bere gain hartuko ditu notaritza eta erregistro gastuak, eta ondasuna herri jabariko izaerarekin inskribatuko du inbentarioan.

 

Baserria babesteko konpromisoa  

 

Lagapenak baldintza zehatz batzuk ditu, eraikinaren balioa eta erabilera publikoa bermatzeko:

  • Babes historikoa: Mojategi baserria Arrasateko katalogoan eraikin singular moduan mantenduko da, eta eraikina bera zutik iraunaraziko da. Udalak eraikinari babes historikoa emateko bidea irekiko du, izan ere, baserria, XV. mendeko hainbat idatzitan aipatzen da.
  • Erabilera publikoa: Inguruko lurrak (10.000 m2 inguru) gaur egungo polikiroldegia osatzen duen espaziora gehitu beharko dira edo herritarrei zerbitzu publikoa emateko erabili.

Gaur gaurkoz baserria tapiatuta dago, segurtasun neurri gisa. Zentzu horretan, eraikinaren balio historikoa eta hau ez kaltetzeko konpromisoa herritar guztiena dela gogorarazi du Udalak, edozein kalte ekiditeko deia eginez. 

 

Aurrerantzean, Udalak eraikinaren etorkizuneko erabilerak aztertuko ditu. Era berean, lursailaren neurketa zehatza egingo da azalera osoa (7.300 m2-tik gorakoa, deskribapenaren arabera) argitzeko.

 

Udalarentzat urrats garrantzitsua da Musakola auzoan kokatutako ondare hau babestu eta herritarren eskura jartzeko.