Arrasateko Udalak Mondragon Unibertsitateko ikasleak garatzen ari diren Formula 1eko auto elektriko baten prototipoaren proiektua babesten du

2020/10/21
Card image cap
EMUF ‘Formula Student Mondragon‘ Ikasleen elkartea Formula 1eko auto elektriko baten diseinua egiten ari da, eta prototipo bat ekoizten, 2021eko Formula Student Spain lehiaketan parte hartzeko.

EMUF ‘Formula Student Mondragon Ikasleen elkartea - Asociación Estudiantil Formula Student Mondragon’ elkartearen lana martxa bizian doa: 2021eko Formula Student Spain lehiaketan parte hartzeko asmoz, Formula 1eko auto elektriko bat diseinatzen ari da eta prototipo bat ekoizten. 2020 eta 2021 urteetarako ikasleen elkarteak 31.580 euroko aurrekontua du proiektua gauzatzeko. Arrasateko Udalak 3.000 euroz lagundu du, eta babesletza horrek ‘Gold Sponsor’ izaera emango dio. Udalaren 2020/2023 Plan Estrategikoan (“ekintzailetza eta ikerkuntza gazteen artean sustatzea”) ildo nagusi da, eta proiektua bera pausu garrantzitsua denez herriaren garapen ekonomikoan, ekologikoan, jasangarrian eta sozialean, udal gobernuak erabaki du proiektua babestea eta sustatzea.

2019ko azaroan “Formula Student Mondragon-EMUF” ikasleen elkarteak izen bereko proiektua aurkeztu zion Arrasateko Udalari. EMUF egitasmoaren xedea da Formula 1eko automobil elektriko baten prototipoa sortzea (diseinatu, garatu, fabrikatu eta horren negozio plana landu), Espainian “Formula Student” izeneko lehiaketan parte hartzeko. Ekimen horretan, ez kurrikularra, Mondragon Unibertsitateko kanpus eta disziplina askotako ikasleek (politeknikoetakoa, enpresagintzakoa eta humanitateetakoa) esku hartzen dute, eta ekimenak sorkuntza, ekintzailetza eta ikerkuntza batzen ditu.

Maria Ubarretxena alkateak, EMUF taldeko koordinatzaile Beñat Arregi eta diseinu eta karrozeria arduradun Eguzkiñe del Vallerekin eskaini duen prentsa agerraldian, balioan jarri du elkarlan publiko-pribatua: “Ekimen honen parte dira administrazioa, hezkuntza eta enpresak. Proiektu honek aurrera pausu ugari lortu dezake ibilgailu elektrikoen paradigman, eta zuzenean eragingo die gure herriaren ongizateari eta ingurunearen babes eta jasangarritasunari. Etorkizuna proiektu partekatua da guztiontzat eta era kolaboratiboan landu beharrekoa. Ezbairik gabe, hau da bidea, eta Arrasateko Udala bidelagun izango da”.

EMUF ekimenaren laguntzaileak dira Mondragon Unibertsitatea, Irizar, Ikerlan, Altair, ClickUp, Urkunde, KimuBerri eta Danatek, Arrasateko Udalarekin batera.