Arrasateko Udalak Monterron Jauregiaren eta parkearen etorkizuna elkarrekin irudikatzera gonbidatzen ditu herritarrak

2026/11/27
Abenduaren 2an herritar guztiei zuzendutako saio irekia egingo da, gune horiei eman dakizkiekeen erabilerei buruzko ideiak eta proposamenak partekatzeko. Prozesuaren helburua da Monterron hezkuntza ez formala oinarri duen kohesio eta inklusiorako espazio bihurtzeko aukerak aztertzea.
Arrasateko Udalak Monterron Jauregiaren eta parkearen etorkizuna elkarrekin irudikatzera gonbidatzen ditu herritarrak

Arrasateko Udalak elkarrizketa-prozesu bat abiatu du herriko hainbat eragilerekin, Monterron Jauregiari eta parkeari eman beharreko erabileraren inguruan hausnartzeko. Hausnarketaren abiapuntua hezkuntza ez formala da, eta horren bidez herritarren arteko kohesioa eta inklusioa sustatuko dituen espazio bat sortzeko aukerak aztertu nahi dira.

Orain arte, bi lan-saio egin dira: lehenengoa euskalgintza, kultura eta aniztasunaren arloko eragileekin, eta bigarrena Hezkuntza Kontseiluan parte hartzen duten eragileekin. Prozesuak aurrera jarraituko du abenduaren 2an, herritar guztiei zuzendutako saio ireki batekin.

Topaketen helburua proiektuaren abiapuntua partekatu eta osatzea da, ikuspegi partekatua eta proiektuarekiko atxikimendua eraikitzeko. Era berean, proiektua aurrera eramateko beharrezko baldintzak identifikatu eta haren bideragarritasuna aztertu nahi da.

Herritarrei zuzendutako saio irekia

Arrasateko Udalak herritar guztiak gonbidatzen ditu saioan parte hartzera, beren ideiak eta ekarpenak partekatzera eta Monterron Jauregiaren eta parkearen etorkizuna elkarrekin irudikatzera.

  • Eguna: 2026ko abenduaren 2a
  • Ordua: 18:00
  • Tokia: Kulturateko areto nagusia

Herritarren parte-hartzea funtsezkoa izango da hausnarketa aberasteko eta gune hauen etorkizunari buruzko proposamen partekatua eraikitzeko.