Arrasateko Udalak prebentzioa eta erantzukidetasuna lehenetsiko ditu kaleak garbi mantentzeko
2026/10/21
Garbitasun ordenantzaren zirriborroa hainbat eragilerekin landu ondoren, Udalak herritarrekin partekatu du gaur, ekarpen berriak jasotzeko.
Arrasateko Udalak garbitasun ordenantzaren zirriborroa aurkeztu du gaur, Kulturaten bizilagunei zuzendutako aurkezpen batzarrean. Hainbat eragilerekin egindako parte-hartze prozesuaren ondoren osatu du proposamena, eta orain herritarrekin partekatu du, haren edukia ezagutarazteko eta, beharrezkoa bada, ekarpen berriak jasotzeko.
Ordenantza berriak ikuspegi prebentiboa eta hezitzailea lehenesten ditu, espazio publikoaren garbitasuna eta zaintza hobetzeko eta errespetuan eta erantzukidetasunean oinarritutako bizikidetza sustatzeko. Helburua da herritarrek, establezimenduek eta espazio publikoan jarduerak egiten dituzten eragileek herriaren zaintzan duten ardura azpimarratzea.
Txakurren hondakinen kudeaketa eta kaleen garbitasuna
Zirriborroak arreta berezia jartzen du animaliek espazio publikoan sortzen dituzten hondakinen kudeaketan. Txakurren jabeek gorotzak berehala jaso, poltsa itxi batean sartu eta dagokion edukiontzira bota beharko dituzte. Era berean, animaliek fatxadetan, atarietan eta antzeko lekuetan pixa egiten dutenean, ura bota beharko da, pixa diluitzeko.
Neurri horien bidez, kaleen higienea hobetu eta espazio publikoa erabiltzen duten pertsonen arteko bizikidetza erraztu nahi da. Horretarako, prebentzioa eta norberaren erantzukizuna funtsezkoak dira.
Ondare publikoaren babesa eta adierazpen askatasuna
Ordenantzak ondare historikoa eta espazio publikoak babestea eta adierazpen askatasuna bermatzea bilatzen du, kartelak, pankartak eta muralak jartzeko guneak aurreikusiz, betiere kalterik eta mezu iraingarri edo diskriminatzailerik gabe.
Heziketa eta kalteen konponketa ardatz
Ordenantza betearazteko, Udalak ikuspegi hezitzailea, prebentiboa eta konpontzailea lehenetsi nahi ditu. Arau-haustearen izaeraren arabera, bitartekaritza, hezkuntza-neurriak edo lan komunitarioak aurreikusten dira, eta balizko zehapenak eragindako kalteen araberakoak izango dira.
Kepa Urteaga Obra, Zerbitzu, Mantentze eta Auzoetako zinegotziak nabarmendu du garbitasuna ez dela udal zerbitzuen ardura bakarrik, herritar guztiena ere badela:
«Kaleak garbi eta zainduta mantentzea guztion ardura da, eta horretarako ezinbestekoa da herritarren eguneroko konpromisoa. Ordenantza honen helburua ez da zigortzea soilik, jokabide arduratsuak sustatzea eta arazoak aurrez saihestea baizik. Batzuetan, txakurren gorotzak jasotzea edo pixa egiten duten lekuetan ura botatzea bezalako keinu txikiek alde handia egiten dute gure kaleen garbitasunean eta bizikidetzan».
Horrela, Arrasatek guztion zaintzan oinarritutako kultura sustatu nahi du: kaleak garbi mantentzea ez dadila izan udal garbiketa zerbitzuen ardura bakarrik, herritarren eguneroko ohiturek eta konpromisoak ere funtsezko eginkizuna izan dezaten.