Arrasateko Udalak San Juan jaien balorazio positiboa egin du: “bero eta sute arriskuen aurrean, alaitasuna eta elkarlanerako prest agertu den herri bizi bat sentitu dugu. Eskerrik asko eredugarri izateagatik”
2026/06/29
Arrasateko Udalak 2026ko San Juan jaien balorazioa egin du, behin jaiak igarota. Aurtengoak “zaintza eta prebentzioaren jaiak” izan direla nabarmendu du Udalak, sute eta bero alerta egoerengatik, baina, horren gainetik, “herri bizi bat” ikusi ahal izan dela nabarmendu du. “Emaitza hori ezinezkoa litzateke herritar, eragile, talde eta udal langilerik gabe, beraz, eskerrik asko herriko jaietan parte hartu duzuen guztioi, izan antolaketan edota parte hartzen” azaldu dute.
Bero eta sute arriskuek baldintzatutako jaiak
2026 urteko jaiak baldintzatuta heldu ziren San Juan bezpera egunera. Izan ere, ekainaren 22, 23 eta 24 egunetan beroagatik alerta gorria ezarri zuen Eusko Jaurlaritzak, eta sute arriskuagatik alerta horia. Baldintza klimatiko horiek erabat baldintzatu zuten San Juan jaien garapena, eta urgentziazko neurriak hartu zituen Udalak. Ekintza batzuk bertan behera geratu ziren, eta beste batzuk egokitu behar izan ziren. Udalak balorean jarri du eragileen elkarlanerako prestutasuna eta egokitzeko gaitasuna.
- Beroaren aurrean freskatzeko gune bereziak jarri ditu jaietan Udalak:
- Makalaren igoera amaitzean Udalak ur-mahuka atera zuen gazteak freskatzeko. Baita Azokara lekualdatu zen Gazte Bazkari Herrikoian ere.
- Aurreikusita zeuden puzgarri egun guztiak urezkoak izatea erabaki zuen Udalak, eta ekainaren 26an ere ur puzgarri berriak txertatu zituen egitarauan.
- Hainbat ekintza lekualdatu ziren, bero kolpeak ekiditeko, horietako bi Udalak erosi berri duen San Frantzisko elizara:
- Arrasate Musikaleko Musika Bandaren kontzertua Monterronen izan beharrean, San Frantzisko elizan izan zen.
- Arotz plazan egitekoa zen Bertso Jaialdia, San Frantzisko elizara lekualdatu zen.
- Haurrentzako diskofesta Seber Altube plazatik Zaldibarreko haur parkera mugitu zen, zuhaitz artera.
- Txatxilipurdik antolatutako Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizuna ere Amaia Antzokira lekualdatu behar izan zen ekaitza arriskuagatik.
- Errementari dantzan zehar 2 geldialdi gehitu behar izan ziren dantzariak hidratatu eta deskantsatzeko.
Tamalez, hainbat ekintza bertan behera geratu behar izan ziren bero eta sute arriskuagatik. Horien artean izan ziren ekainaren 24ko su artifizialak, errekortadoreak edota 80 urtetik gorakoei egin ohi zaien omenaldia. Azken hau nola eta noiz berreskuratu aztertzen ari da Udala.
Horiez gain, Udalak auzoetako San Juan suak eta pirotekniak debekatu zituen jai egunetan sute arriskuagatik, eta, intzidentzia bat edo beste kenduta, herritarren jarrera eredugarria izan dela azpimarratu dute Udaletik, “arduraz jokatu dute herritarrek, eta zoriontzekoa da”.
Gazteen parte hartze aktiboa balioan jarriz
Hirugarrenez ospatu dituzte Arrasateko Gazte Olinpiadak, eta, aurten, 1000 parte haratzaileetara heldu da ekimena. “Pozgarria da dozenaka gazte kuadrilla elkarlanean eta giro oneko lehian ikustea. Udal gobernuaren izenean zorionak eta eskerrik asko antolatzaile eta parte-hartzaile guztiei”. Ekimen hau, baina, alerta arrisku batekin ere igaro zen, kasu honetan haize eta ekaitza arriskuagatik. Ondorioz, eta Monterron parkea ixteko arriskuagatik, gaueko kontzertuak Herriko Plazara mugitu ziren. Horren eraginez, Olinpiadetako azpiegitura guztia Herriko Plazara mugitu behar izan zen. “Egoera zailenetan ere, zailtasunak zailtasun, elkarlanak emaitza positiboak eman zituen, eta ikaragarri ederra izan zen Herriko Plaza jendez lepo ikustea. Zorionak!” adierazi dute Udaletik.
Txosnetan burutu ziren kontzertu eta ekimenak ere balorean jarri ditu Udalak. Gazte zein helduei zuzendutako hamaika ekintza izan ziren auzolanean antolatuta, eta bertan eskaini ziren kontzertuek ere milaka pertsona bildu zituzten. Zorionak baita ere Arrasateko Txosna Batzordeari.
Jaio berriei ongi etorria lehen aldiz egitearekin pozik
Aurtengo berrikuntza nabarmenena jaio berriei egindako ongi etorri ekitaldia izan da. 2025eko San Juan jaietatik jaiotakoei zapi more bana banatu zitzaien, eta Udalak balorazio positiboa egin du. “Udal Gobernuak agintaldi hasieran hartutako erronkari erantzun dio ekimen honek: Arrasaten komunitatea indartzea. Eskualdeko beste herri batzuetan, hala nola Bergara eta Oñatin, egiten diren ekitaldi xumeetan inspiratuta, Arrasatek bere eredua berreskuratu nahi izan du. Helburua gurasoen eta haurren arteko elkargunea sortzea izan da, herriko jaiek sinbolizatzen duten topagunea indartuz. Gainera, ekitaldia gaur egungo Arrasateren aniztasunaren ispilu izan da, jatorri ezberdinetakoak Arrasaten errotuta daudela azalduz, bizikidetzarako eredu bilakatuz. Emaitzarekin oso pozik gaude” azaldu dute.
Intzidentzia larririk gabeko jaiak
Udaletik azaldu dutenez ez da intzidentzia larririk izan San Juan jaietan. Emakume Txokoak jarritako Eraso Matxisten Aurkako Zerbitzuan ez da salaketarik izan, eta Udaltzaingotik intzidentzia larririk egon ez dela jakinarazi dute, soilik ohiko asteburuetan gerta daitezkeen jai giroko gertaerak. Ondorioz, Udala pozik agertu da, eta herritarren jarrera eredugarria nabarmendu nahi izan dute.