Arrasateko Udalak TAO sistema arautuko duen ordenantza onartu du

TAO sistemaren legedia eta dagozkion arau administratiboak onartu dira.

Arrasateko Udalak eguenean, urriak 5, onartu du aparkatze eta igarotze mugatuaren Ordenantza (TAO sistema). Ordenantzak bermatzen du Arrasateko TAO proiektuaren lege eta arau esparrua betetzea. Proiektua udalak garatu du, herritarrekin eta hainbat eragilerekin elkarlanean. Udaleko Osoko Bilkurak TAO sistema arautuko duen ordenantza onartu du, eta dagozkion administrazio arauak ere bai.

2020ko urtarrilean abian jarri zen partaidetza prozesu zabal bat, TAO sistema modu partekatuan lantzeko herritarrekin. Aurretik, trafikoaren eta aparkalekuen egungo egoeraren diagnostikoa egin zen, eta TAO sistemaren hasierako proposamena, partaidetza prozesuaren oinarri gisa. Parte hartzeko bideak ireki ziren herritarrei informazioa bideratzeko, bai eta haien iritziak eta eskaerak jasotzeko ere (sare sozialak, online bideak, postontzi fisikoak). Antolatu ziren ere aurrez aurreko jardunaldi ireki batzuk, eztabaidarako eta hausnarketa kolektiborako.

Guztira 488 ekarpen baino gehiago jaso ziren, era askotara parte hartu zuten herritarrek eginak. Hona hemen zer ezaugarri eta elementu proposatu diren TAO proiektuari moldatzeko:

  • Ekimenak bultzatzea gaur egungo automobil trafikoen fluxua jaisteko.
  • Mugikortasun ohitura berriak sustatzea.
  • Herriko sarreretan parking guneak ezartzea.
  • Bus linea berriak, zuzenekoak eta barne tarifa baxuarekin.
  • Bidegorrien sarea osatzea eta bizikletaren ohitura sustatzea.
  • TAO sistemako tarifak jaistea, orokorrean.
  • Ordu eta erdiko zonalde 2 ezartzea erdigunearen inguruan.
  • Laubide/Biterin erabilera baldintza berriak lortzea: merkeagoak orokorrean, tarifa lauak, doako tarteak erosketekin.
  • TAO sistema ez ezartzea Arrasate osoan.
  • Irizpideak ezartzea TAO guneak gehitzea erabakitzeko.

Horiek guztiak udalean landu dira alderdi politiko guztiekin, eta proposamenean barneratu dira EH Bilduk batzordean egindako 3 proposamenak.

  • Alkatearen eskumena murriztea; hasierako proposamenean aurreikusia zegoen TAO aplikatzen den eremua % 10ean handitu edo txikitzea. Oposizioko alderdiek proposatu zuten eskuduntza hori % 5era murriztea, eta onartu egin da. Beraz, alkateak, Osoko Bilkuran jorratu barik, eremuaren % 5 bakarrik handitu edo txikitu ahalko du.
  • Kotxea denbora luzean kalean aparkatuta utziz gero, jarri ahal den isun kopuru maximoa 6tik 4ra jaistea. Ezingo da jarri 4 isun baino gehiago jarraian.
  • Tarifak. Bigarren ibilgailuarentzat bertakoentzako txartela ez merkatzea.

4 TAO tarifa mota egongo dira

Ordenantzan onura ekonomikoak aurreikusten dira Arrasaten erroldatutakoentzat, eta doako denbora bat izango dute: 15 minutukoa “TAO EXPRESSA” tarifaren kasuan, eta 30 minutukoa “TAO ARRUNTA” tarifaren kasuan.

4 TAO tarifa mota egongo dira: TAO EXPRESSA, TAO MERKEA, TAO ARRUNTA eta TAO LUZEA.

  • TAO Expressa izango da gestio azkarrak egiteko. Prezioa izango da 15 minutuan 0,20 € eta 30 minutuan 0,40 €. Arrasaten erroldatuta daudenentzat 15 minutuan doan, eta 30 minutuan 0,20 €.
  • TAO Merkea: gune bi egongo dira doan aparkatu ahal izateko 1 ordu eta 30 minutuan: Amaia antzokiaren alboko parkinga eta Araba etorbidean dagoen parkinga. Doakoak izango dira.
  • TAO Arrunta: 15 minutuan gutxienez eta 3 orduan gehienez aparkatu ahal izango da. Ordubete aparkatzeko tarifa 0,80 € izango da, eta Arrasaten erroldatuta daudenentzat 0,60 €. Arrasaten erroldatutakoek 15 minutuan doan aparkatu ahal izango dute.
  • TAO Luzea: Arrasaten denbora luzean aparkatu gura dutenentzat izango da; goiz osoan 1,50 €, arratsalde osoan 1,50 € eta egun osoan 3 €.

Bertakoentzako txartelari dagokionez, bertakoentzako txartel bi atera ahalko dira. Lehen ibilgailuarentzat prezioa izango da 35 €/urtean eta bigarrenarentzat 75 €/urtean. Alde Zaharrean bizi direnentzat, bertara sartzeko dituzten eragozpenak kontuan hartuta, lehen ibilgailuarentzat prezioa izango da 30 € eta bigarrenarentzat 60 €.

Gaineratu behar da Arruena egokituko dela Arrasateren kanpoaldean aparkatzeko, eta udalak 3. bus linea zuzeneko bat jarriko duela, tarifa merke batez zentrora autobus publikoan sartu ahal izateko. Autobus zerbitzu horiek zuzenekoak izango dira, eta etengabe ibilbidea egiten ibiliko dira.

Bestalde, bizikletaren erabilera sustatzeko, udalak bidegorri sarea osatzen joango da, eta Ekobulebarraren obrak urtarrilean hasiko direnez, jarraipena emango zaio Araba etorbideko bidegorriari, Etxetxikiak esparruraino.

TAO proposamena egokitu da horiek guztiak aintzakotzat hartuta, eta ezagutzera emango da datozen asteetan, eta abian jarriko da 2021eko bigarren seihilekoan.