Arrasateko Udalak ur botilen banaketa antolatu du herritarren artean, ur hornikuntzaren segurtasuna konfirmatu bitartean
2026/09/25
Arrasateko ur sareko egoera konpontzeko, ur depositua garbitzeko lanek aurrera jarraitzen dute. Matxura atzo gauean gertatu zen, Gipuzkoako Urak-ek egindako obra batzuen ondorioz lokatzezko ur zikinak Arrasateko ur hornikuntza sisteman sartu ostean. Atzo gauez bertan hasi ziren garbiketa lanak. Gipuzkoako Urak egiten ari den konponketa lanen jarraipen hurbila egiten jarraitzen du Udalak. Etxebizitzetan ura garbiago iristen ari dela nabarituko den arren, iturriko ura ez edateko gomendioak indarrean jarraitzen du.
Ur botilen banaketa eta ordutegiak
Ura kontsumitzeko murrizketak bihar arte luzatu daitezkeenez, Arrasateko Udalak 45.000 litro ur banatuko ditu herritarren artean (pertsona bakoitzeko 2 litro inguru) gaur eta bihar bitartean. Ur banaketa hiru gune hauetan egingo da:
-
Udaltzaingoan
-
Musakolako kiroldegi kanpoan
-
Iturripeko kiroldegian
Banaketa-ordutegiak:
-
Gaur, ostirala: 16:00etatik 20:00etara.
-
Bihar, larunbata: 9:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.
Kaltea 24 ordu baino gehiago luzatuko balitz, Udalak ur-banaketa berriak antolatuko ditu.
Osasun bermeak eta analitika jarraituak
Behin depositua garbituta, Udalak ur-analisiak egingo ditu Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean, uraren kontsumoa segurua dela ziurtatzeko. Analisien emaitzak egokiak direla egiaztatzen direnean, ur botilen banaketa eten egingo da eta herritarrei jakinaraziko zaie iturriko ura berriz ere edan daitekeela. Udalak konfirmazio hori ematen duen arte, iturriko ura ez edatea gomendatzen da.
Arduraz eta elkartasunez jokatzeko deia
Arrasateko Udalak herritarrei dei egiten die arduraz jokatzeko eta dagokiena baino ur gehiago ez hartzeko, bereziki etxean lehendik ur botilak erosita dituztenen kasuan. Era berean, bizilagunekiko elkartasuna eskatzen da, adineko pertsonei edo laguntza behar dutenei ur botilak lortzen laguntzeko.
Udalak espero du egoera hurrengo 24 orduetan konpontzea eta Gipuzkoako Urak egiten ari den konponketa-lanen jarraipen hurbila egiten jarraitzen du.