Arrasateko Udalak Uribarri auzoko aire kalitatearen neurketak eman ditu ezagutzera, eta hauek 2028ra arte monitorizatzen jarraitzeko kontratazio berria iragarri du

2026/03/18
Card image cap
Azken neurketek egiaztatu dute airearen kalitatea indarrean dagoen araudiaren mugen barruan dagoela, baina Udalak jarraipena indartzea erabaki du bizilagunen kezkari erantzuteko eta prebentzioan sakontzeko. Fagor Ederlaneko zuzendariak baieztatu duenez, Uribarriko lantegia 2028an ixtea aurreikusten du zuzendaritzak.

Arrasateko Udalak 2025ean abiarazi zituen Uribarriko aire kalitatearen neurketa propioak, Eusko Jaurlaritzak egin ohi dituenaz gain. Neurketa horiek bizilagunek urte luzez eskatutakoak dira, eta emaitzak aurkeztu ditu publikoki. Horrez gain, auzotarren kezka nagusia izanik, neurketekin jarraitzea hobetsi du Udalak, “osasuna bermatu eta airearen kalitatea kontrolpean izateko” azaldu dute Udaletik. 

2025eko aire neurketak “legeak ezarritako parametroen barruan”

Neurketen emaitzak eta egungo egoera 2025ean zehar egindako azterketen datuek adierazten dute Uribarriko airearen kalitatea legeak ezarritako parametroen barruan dagoela. Zehazki, esekitako partikulen kasuan (PM10 eta PM2,5), Uribarri inguruan jasotako datuak Arizmendiarrieta plazan dagoen Eusko Jaurlaritzaren estaziokoen oso antzekoak dira. 

PM10 partikulei dagokienez, urteko bataz besteko balioa ez da gainditu. Urtean zehar, soilik hiru egunetan (ekainaren 9, 10 eta 13an) gainditu zen eguneko muga, baina horrek ez du araudia hausten. PM2,5 partikulei dagokienez ere, balioak muga legalen azpitik mantendu dira.

Partikula sedimentagarrien kasuan, neurketek balio altu puntual batzuk erakutsi dituzten arren, ez da frogatu bizilagunentzako osasun-arriskurik dagoenik indarrean dagoen araudiaren arabera. Ikusi hemen neurketen datu guztiak.

Neurketek jarraituko dute: “osasuna bermatu eta airearen kalitatea kontrolpean izateko” 

Arrasateko Udalak airearen kalitatea monitorizatzeko zerbitzuaren lizitazio prozesu berria abiatu du. Ekimen honen helburu nagusia Uribarriko airearen egoeraren jarraipen zehatza egiten jarraitzea da, ingurumen-osasuna bermatzeko eta herritarren bizi-kalitatea babesteko.

Orain arte egin diren neurketen datuak positiboak izan arren, Udalak zerbitzua luzatzea eta hobetzea erabaki du. Erabaki honek fundizioaren emisioek sortzen duten ikusgarritasunari eta herritarren kezkari erantzuten die. Lizitazioa bi lotetan banatu da, teknologia eta laginketa metodo desberdinak erabiliz:

  1. 1. LOTEA: Esekitako Partikulak (PM10 eta PM2,5). Bi urterako kontratua izango da, Itxaropena plazan kokatutako neurgailu automatikoaren kudeaketa integrala barne hartuko duena. Sistema honek datuak denbora errealean jarraitzeko aukera ematen du.
  2. 2. LOTEA: Partikula Sedimentagarriak. Urtebeteko iraupena izango du, beste urtebete luzatzeko aukerarekin. Neurketak hileroko maiztasunarekin egingo dira, eta une bakoitzean, airearen kalitatea neurtuko da bi eremutan, eta bi eremu horiek txandakatuz joango dira, 3 kokaleku desberdinetan: Jokin Zaitegi Ikastola, Variante Oeste eta Uribe kalea.

Uribarriko lantegia 2028an ixtea aurreikusten du Fagor Ederlaneko zuzendaritzak

Fagor Ederlaneko zuzendariak baieztatu duenez, Uribarriko lantegia 2028an ixtea aurreikusten du zuzendaritzak. Dagoeneko Udalak eta enpresak gaiaren inguruko lehen hartu emanak izan dituzte lurzoruaren etorkizunaren inguruan, eta aukera ezberdinak elkarbanatu dituzte. “Oraindik goiz da lurzoru horren etorkizunaz hitz egiteko. Aukera guztiak mahai gainean daude, eta datozen urteetan joango gara argitzen eta zehazten etorkizuneko erabilera. Dena den, gaur egungo fundizioa epe motzera ixtea albiste ona dela uste dugu” azaldu dute Udaletik.