Arrasateko Udaltzaingoak 1.615 esku hartze egin ditu 2022ko lehen lauhilekoan

2022/05/31
Card image cap
Urtarrilean (488) eta apirilean (468) izan dira jarduketa gehien. Gehienak administratiboak izan dira, guztira 599, trafikokoak 175, segurtasunekoak 148 eta ingurumenarekin lotutakoak 126.

Arrasateko Udaltzaingoak 1.615 esku hartze egin ditu guztira 2022ko lehen lauhilekoan. Urtarrilean (488) eta apirilean (468) izan dira jarduketa gehien. Gehienak administratiboak izan dira, guztira 599, trafikokoak 175, segurtasunekoak 148 eta ingurumenarekin lotutakoak 126.

Maria Ubarretxena alkateak eta Zigor Andino udaltzainburuak datuak xehatu dituzte prentsaurrekoan: “2022ko lehen lauhilekoaren jarduerak bat datoz 2021ean egindakoekin. Grafikoa egonkorra da. Udaltzaingoak ohiko jarduerak egin ditu gehienbat, eta ez da gertakari nabarmenik izan. Kuantitatiboki, asistentziaz egindako lanak nabarmendu dira: trafikoa eta administrazio tramiteak”. Udaltzaingoaren esanetan, arrasatearrek ematen duten laguntzarekin partekatzen eta osatzen dute beren lana: “herritarren, udal sailen eta gainerako erakundeen lankidetza ezinbestekoa da Arrasate herri segurua eta lasaia izatea bermatzen jarraitzeko”. Lan partekatu horren seinale dira Udaltzaingoak azken asteotan esker oneko mezuak jaso dituela hainbat auzotatik, herritarrengandik edo Osakidetzatik, besteak beste. “Gure ofizioaren funtsa ikusarazten eta helarazten digute udaltzainoi: herritarrei beren egunerokoan laguntzea eta zerbitzatzea, haien arazoak gure aukeren barruan konponduz”.

Arrasateko Udaltzaingoaren Saila osatzen dute 25 udaltzainek, 5 agente lehenek, 3 administrarik eta ofizial batek, eta horietatik % 44 emakumeak dira.

Esku hartzeko modalitateei dagokienez (administraziokoa, ingurumenekoa edo segurtasunekoa), 599 daude administrazio eremuarekin lotuta, hala nola animalien kudeaketa, zaratak, pintaden garbiketa, edo dokumentuen edo objektuen galera. 2021eko azken lauhilekoan baino 89 jarduketa gehiago izan dira. Zaraten jarduketak ugaritu egin dira etxebizitzetan eta kalean (54), eta tabernetan (68). Arlo horretan esku hartze gehien izan da urtarrilean (182), gero apirilean (159), otsailean (135) eta martxoan (123).

148 esku hartze segurtasunarekin lotutakoak dira. Abisu faltsuak (11 guztira) eta lapurretak (18) ugaritu egin dira, eta ebasketak edo kalte materialak gutxitu. Hileko datuari dagokionez, apirilean izan da esku hartze gehien (44), gero urtarrilean (41), otsailean (32) eta martxoan (31). Nabarmendu behar da arazo psikiatrikoak dituzten pertsonekin 32 esku hartze izan direla lauhileko honetan, horietatik 21 apirilean.

Ingurumenari dagokionez, 126 esku artze egin dira, 2021eko azken lau hilekoan baino 20 gehiago. Jarduera ohikoenak erorikoen ondoriozkoak izan dira (70, guztizko zenbaketaren erdia baino gehiago), eta, haren atzetik, suteak, uholdeen kontrola edo zuhaitzak jaustea. Urtarrilean 46 esku hartze izan dira, apirilean 34, martxoan 27 eta otsailean 19.

Trafikoarekin lotutako esku hartzeak nabarmen gutxitu dira: 175 urtarriletik apirilera, aurreko hilabeteen ia erdia. Erdiak baino gehiago, 98, trafiko kexei eta/edo arazoei dagozkie. Zenbatutako istripuak 49 dira. Ez da hildakorik izan eta gehienak arin zauritu dira, edo ez da izan zauriturik. Oinezko bi zauritu dira, biak urtarrilean, bata lesio arinekin eta bestea lesio larriagoekin.

Aldi horretan, pertsona bat atxilotu da norbait erasotzeagatik, 3 pertsona inputatu dira bide segurtasunaren aurkako delituengatik, eta beste 2 atxilotu dira beste arrazoi batzuengatik. Gainera, Udaltzaingoak beste esku hartze batzuk ere egin ditu, hala nola betebehar judizialak, herritarrei laguntzea piboteak, informazioa eta kexak kudeatzen, edo Ertzaintzarekin lankidetzan egindakoak (37), edo Osakidetzarekin lankidetzan egindakoak (10).

COVID-19arekin lotutako jarduerek ere jarraitzen dute nabarmen behera egiten. 2021eko urritik abendura 71 izan ziren, eta 2022ko urtarriletik apirilera 22 izan dira.