Arrasateko Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren arteko lankidetza areagotuko da herritarren segurtasunaren mesederako

2020/03/04
Lurraldean erabilgarri dauden polizia baliabideak optimizatzea eta herritarrek segurtasun publikoaren arloan dituzten premiei erantzun hobea ematea du helburu Eusko Jaurlaritzak eta Arrasateko Udalak sinatuko duen hitzarmenak. Baita informazioa trukatzeko mekanismoak eta presazko polizia komunikazioen protokoloa ezartzeko aukera.

Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren arteko lankidetzarako eta koordinaziorako jarraibidea ezartzen duen hitzarmena sinatuko dute Arrasateko Udalak eta Eusko Jaularitzak. Hala eman dute ezagutara Maria Ubarretxena alkateak, Arrasateko  Udaltzain-buruak eta Ertzaintzako ordezkariak Udalean eskaini duten prentsa agerraldian.

Lurraldean erabilgarri dauden polizia baliabideak optimizatzea eta herritarrek segurtasun publikoaren arloan dituzten premiei erantzun hobea ematea du helburu hitzarmenak. Hala nola, elkarlana aurrera ateratzeko arauak, zerbitzuen eta betebeharren banaketa, polizia-jardueren titulartasunak zehaztu, batera jarduteko protokoloak edo planak prestatu, koordinaziorako irizpideak ezarri, dauden baliabideak era egokian erabiltzen direla ziurtatu, udalerrian poliziaren presentzia jarrai eta nabarmena bermatu, informazioaren trukaketa bermatu, eta abar. Hitzarmenak ere ondorengoa bideratuko du: polizia intereseko informazioa, bai aldizkakoa eta bai berehalakoa, trukatzeko mekanismoak eta presazko polizia komunikazioen protokoloa ezartzeko aukera.

Udaltzain-buruak azaldu duenez egunerokotasunak Udaltzaingoa eta Ertzaintza elkarrekin lan egitera bultzatzen ditu. “Gaur egunean indarrean dagoen polizia-ereduaren koherentzia sustatu nahian bi polizia-kidegoen arteko elkar-laguntza bilatzen du hitzarmenak”.

Alkateak hitzarmen honek herritarrentzat dituen onuretan jarri du fokua: “Herritarren segurtasuna bermatu ahal izateko Udaltzaingoak eta Ertzaintzak ahal den elkarlanik handiena lortu behar dute. Hori horrela gauzatu dadin, eguneroko lanetan elkarlanerako moduak eta prozedurak arautu behar dira, eta udalerrian erabili daitezkeen polizia-baliabideak optimizatu, zerbitzu hobe bat eskaintzeko. Hori dugu helburu elkarlanerako hitzarmen honekin, azken jomuga herritarrei eskaintzen zaien zerbitzua ahalik eta onena izatea izanik, arrasatearren ongizatea hobetuz”. 

Lan hitzarmena orokorra da, Euskadi osorako sortua izan baita, eta horregatik, zehaztasun gehiagorako aukera dagoela nabarmendu du Ubarretxenak: “zehaztu beharreko doiketa ugari egon badaude; baina, horiek guztiak, Deba Urolako Ertzaintzaren polizia-etxearekin adostu nahi ditugu. Egun, esparru-hitzarmena garatzeko, "zerbitzuak mugatzeko polizia protokoloak" eguneratu dira Deba Urolako Ertzain-etxearekin elkarlanean”.