Arrasateko Udaltzaingoaren plantilla handituko du Udalak, bost udaltzain plaza berri sortuz

2025/10/22
Card image cap
2012tik ez da udaltzain kopurua handitu. Ondorioz, gaur egungo 30 langileetatik 35 izatera pasako da Udaltzaingoa. 5 langileak progresiboki batuko dira Udaltzaingora 2025-2027 urteen artean: 2025ean bi, 2026an beste bi, eta 2027an azken bat gehituz.

Arrasateko Udalak iragarri du Udaltzaingoaren plantilla handituko duela datozen urteetan, bost udaltzain plaza berri sortuz. Udalaren asmoa da 2025 eta 2027 urteen artean plantilla indartzea, 2025ean bi udaltzain berri sartuz, 2026an beste bi, eta 2027an azken bat gehituz. Ondorioz, 2027rako, bost udaltzain berri izango ditu Arrasatek, guztira 35 udaltzain 5 taldetan banatuta. 2025 urteari dagozkion bi langileak dagoeneko lanean daude behin behinean.

Udaltzaingoaren langile ordezkariekin lortutako akordioak gertuko udaltzain eredu baten aldeko urrats garrantzitsua dela azpimarratu nahi izan du Udalak. Udalaren helburua da herritarren segurtasuna sendotzea, trafikoaren kudeaketa hobetzea eta laguntza eta prebentzio lanetan eraginkortasuna handitzea.

Udaltzaingoaren egungo egoera eta behar berriak

Arrasateko Udaltzaingoak gaur egun 30 langile operatibo ditu (25 udaltzain eta 5 udaltzain-lehen), baina 2012tik ez da udaltzainen kopurua handitu, nahiz eta udalerriak gero eta jarduera eta mugimendu handiagoa izan. Udaltzaingoaren txostenaren arabera, Arrasatek 22.000 biztanle baino gehiago ditu, eta egunero 102.000 desplazamendu inguru jasotzen ditu, langileen joan etorriekin, Debagoieneko Ospitaleko erabiltzaileekin, eta Mondragon Unibertsitateko komunitatea kontuan hartuta.

Txosten horrek adierazten duenez, egungo ratioa eskasa da, eta beharrezkoa da plantilla herriko tamainari eta segurtasun premiei egokitzea. Gainera, udaltzain gehiago izateak ahalbidetuko du bulegoetako lan administratibo eta ikerketako zereginak modu egokiagoan banatzea, kaleko zerbitzua kaltetu gabe. Akordio honekin, Arrasateko Udaltzaingoak 35 langile izango ditu.

Eskualde mailako udaltzainen deialdia

Plantillaren handitzea behin-behineko postuekin betetzen hasiko da, ondoren oposizio bidez beteko diren lanpostu estruktural bihurtzeko asmoz. Arrasateko Udala lanean ari da, Debagoieneko Udalekin batera, eskualde mailako udaltzainen deialdia prestatzeko. Helburua da bertako eta gertuko udaltzain eredua sustatzea, eta eskualdeko koordinazioa eta elkarlana indartzea.

“Gertuko udaltzain eredua sendotu nahi dugu, herritarrengandik hurbil dagoen eta haiei laguntzeko prest dagoen zerbitzua eskainiz. Plantilla handitzeak aukera emango digu herritarren segurtasunean, trafikoaren ordenazioan eta prebentzio lanetan urrats kualitatibo bat emateko,” azaldu dute Udaleko ordezkariek.