Arrasaten bizikidetza positiboa bultzatzeko, birtualki egingo da aurten “Munduko Arrozak” ekimena uztailaren 22an

2020/07/07
Herritarren arteko elkarbizitza positiboa sustatzea du helburu Munduko Arrozak ekimenak, Arrasateko kultur aniztasuna balioan jartzeko eta herriko kultura desberdinak ikustarazteko, betiere elkarrekiko erlazioak indartuz eta integrazioa normaltasunez sustatuz.

Uztailaren 22an ospatuko da Munduko Arrozak ekimena Arrasaten, birtualki. Herriko biztanleen jatorrizko kultura ikusarazi eta gizarteratzea da helburua, elkarrekiko erlazioak eta integrazioa normaltasunez sustatzeko. “Espazioak konpartituz, elkarbizitza bultzatu eta gure herriko kultura anitzen aberastasuna aitortu eta gozatzeko ekimena da”, adierazi dute antolatzaileek.  

Aurtengo egoerara moldatuz, birtualki ospatuko da eguna. Herritarrei beraien kulturan arroza duen ohiko plater bat sukaldatzeko eta ondoren argazki bat (horizontalean) bidaltzeko deia egin zaie. Whatsapp bidez bidali behar dira irudiak 658 74 97 55 zenbakira. Nahi izanez gero, bizikidetza positiboa adierazten duten aldarri edo hitz esanguratsuekin izendatu ditzakete prestatutako platerak. Irudiekin bideo bat egingo da eta sare sozialetan eta komunikabideetan elkarbanatuko da. Argazkiak bidaltzeko azken eguna uztailaren 13a izango da.

Bizi dugun osasun krisialdiaren hausnarketa sakona egin dute Arrasateko Udaleko Aniztasun Sailak, Ekin, IMME eta AMS elkarteek eta SOS eta Gurutze Gorriak, eta Munduko Arrozak ekimena egoera honetan hausnartutakoa herritarrekin partekatzeko aukera bat dela diote: “elkartasuna, kooperazioa eta elkarlana areagotu direla ikusita, garai honetako hausnarketak ikusarazi eta herritarrekin partekatzea da helburua, betiere, herritarron arteko bizikidetza positiboa azpimarratuz, Arrasateko kulturaniztasuna balioan jarriz eta elkarrenganako aitortza eginez”.