Arrasaten euskara sustatzeko ekintza plana diseinatzeari ekingo dio Udalak galdetegi baten bitartez
2025/09/17
Udalak aurten abiatuko du Arrasaten euskara sustatzeko ekintza plana diseinatzeko prozesua. Horretarako, herritarren iritzia jasotzea oso garrantzitsua izango da; herrian euskarak gaur egun duen egoera aztertu, eta aurrera begirako lan ildoak zehazteko. Parte hartzeko hainbat modu daude, horietako bat izango da galdetegi hau betetzea.
Euskara sustatzea, erronka estrategikoa
Euskararen sustapena erronka estrategikoa da, gure nortasunaren oinarri eta etorkizuneko garapenaren giltza baita. Euskara bizirik mantentzeak kohesio soziala indartzen duelako” baieztatu du Joseba Ezpeletak, Euskara zinegotziak.
Pasa den urtean administazioan euskara sustatu eta indartzeko plana egin bazen, oraingoan herrian eta kalean euskara sustatzeko plana da egingo dena. “Erronka askoz handiagoa da plan honek eskatzen duena, horregatik, ezinbestekoa izango da herritarren eta euskaltzaleen parte hartzea planaren lehen urrats honetan”.
Galdetegian parte hartzeko deia
Iritziak eman eta planari ekarpenak egiteko honako esteka hau erabili behar da. “Digitalki galdetegia erantzunez, oso lagungarria izango da Arrasateko argazki erreala lortzeko”. Gogorarazi dute, gainera, galdetegian ematen diren erantzun guztiak anonimoak izango direla.