Arrasaten gertatutako sexu erasoa irmoki salatu du Arrasateko Udalak, adingabearen babesa defendatuz

2026/10/09
Arrasateko udalbatzan ordezkaritza duten alderdi guztiek aho batez onartu dute honako adierazpena:
Arrasaten gertatutako sexu erasoa irmoki salatu du Arrasateko Udalak, adingabearen babesa defendatuz

Arrasateko Udalak irmoki salatzen du Maritxu Kajoi gauean herrian gertatu eta berriki medio batek ezagutzera eman duen sexu erasoa.

Sexu erasoa jasan duen adin txikiko emakumeari zuzeneko elkartasuna eta babesa adierazi dio Udalak eta indarkeria mota honi aurre egiteko dituen zerbitzuak eta tresnak bere eskura jarrita ditu lehen unetik. Biktima adin txikiko emakumea izanik, bere babesa bermatu eta bere nahia errespetatzeko deia egiten du Arrasateko Udalak.

Hori horrela, kasuan inplikatutako erakunde guztiek, jarritako salaketa publiko ez egiteko biktimaren nahia errespetatu zuten. Arrasateko Udalak, barne protokoloa aktibatuz, nahi hori errespetatu du uneoro. Zentzu horretan, erabat gaitzesten du bestelako erakundeetatik egon zitezkeen filtrazioak.

Halaber, Arrasateko Udalak gogor salatzen du albistea publikatu duen komunikabidea, biktimaren nahia eta beharra errespetatu ez izanagatik, eta gaiari eman dion trataera arbuiatuz. Gaineratu, egoera gainditzeko, Arrasateko Udalak dituen tresna eta zerbitzuak jarri dituela biktima eta familiaren esku.

Erasoaren jatorria indarkeria matxista da. Emakumeen aurkako indarkeriak erasotzaile eta biktima banakakoak ditu beti, noski, baina arazo sakon bat dauka jatorrian: emakumeak kontrolpean eta mendean izan nahi dituen ideologia. Beraz, indarkeria hori ez da ekintza bakartuen edota azalpenik gabeko gertakarien emaitza. Aitzitik, generoen gaineko aurreiritziak, gizartean aski errotuta dauden horiek dira, hain zuzen, halako ondorio larri eta tamalgarrien sortzaile. Emakumeak desberdintasun eta menpekotasun materialeko egoera batera, bizitza prekario batera behartzen ditu gizartearen antolamenduak. Ez ditu herritar osotzat hartzen, gizonezkoen maila berean, eta ez die aukerarik ematen oinarrizko eskubideen jabe izateko.

Gizon eta emakumeen berdintasun eza dago halako erasoen oinarri oinarrian, emakumeak kontrolpean izan nahi dituzten jarrera eta ideia matxistak. Horregatik, beste behin ere, gizon eta emakumeen berdintasunaren aldarrian jartzen dugu azpimarra; emakumeen duintasuna, sexu askatasuna eta integritate fisikoa eskubide urraezinak dira. Eskubide horien aurkako ekintzak erabat gaitzesgarriak, bidegabeak eta onartezinak dira, ez dute lekurik gure gizartean.

Udalak herritarrei dei egiten die bortizkeria matxistaren aurkako jarrera eta konpromisoari eusteko, inoiz baino gehiago erne jarraitzeko, biolentzia jasaten ari diren emakumeek erakundeon eta komunitate osoaren babesa jaso dezaten.

Horregatik, datozen egunetan, herriko Mugimendu Feministak deitu ditzazkeen mobilizazioekin bat egitera deitzen du Udalak, eta herritarrei bertaratzeko gonbita eta eskaera luzatzen die.