Arrasaten girotutako eta sortutako Sekuoia! mahai jokoa aurkeztu du udalak

2023/11/23
Card image cap
Haurren Kontseiluaren proposamen batetik abiatuta sortu da jokoa, eta sustatzen ditu herriaren ezagutza, elkarbizitza eta zaintza komunitatean.

Herrian girotuta dagoen eta herrian bertan sortu den Sekuoia! mahai jokoa aurkeztu du gaur Arrasateko Udalak. Bizikidetzari eta zaintzari buruz 2020-2021 ikasturtean Arrasateko Haurren Kontseiluak egindako hausnarketaren emaitza da mahai jokoa. Itsaso Pagoagak diseinatu du eta Helena Azkarragaurizarrek ilustratu du.

Mahai joko bat izatetik harago, tresna bat ere bada, elkarbizitzaren eta elkarren zaintzaren garrantziari buruz kontzientzia sortzeko. Jokoaren istorioan sekuoia da Arrasateren ikurra, eta herensuge batek sekuoia mehatxatzen du. Jokalariek talde gisa lan egiten dute herria babesteko, lehia alde batera utzita. Ikuspegi komunitarioa jokoaren hainbat elementutan integratzen da; rol bat baino gehiago daude, herriko pertsonaietan oinarrituta, zaintzan duten eginkizunaren arabera, bakoitza bere trebetasun eta ahultasun bereziekin.

8 urtetik aurrerako haurrei zuzendutako jokoa da. 5 eta 13 jokalari artean aritu daitezke jokoan aldi berean. Jokalari bat izango da gidaria, eta gainontzekoak jokalariak. Beste bi aukera ere badaude jolasean aritzeko: lau jokalari eta gidari bat aritzea, edo hiru pertsonako lau taldetan gehi gidaria aritzea. Jokoak, batez beste, 30 minutu inguruko iraupena izaten du.

Jokoa eskuragarri dago formatu fisikoan herriko ikastetxeetan, gaztetxokoetan eta ludoteketan, eta www.arrasate.eus/sekuoia webgunean ere dekargatu daiteke PDF formatuan, inprimatu ahal izateko. Mahai jokoaren gidaliburua ere bertan eskuratu daiteke.

Haurren Kontseiluan sortutako ideia

Sekuoia! mahai jokoa egiteko ideia Haurren Kontseiluan sortu zen. Haurren Kontseilua da Alkatetzaren aholku organo bat, eta haren helburua da Arrasateko haurrei ahotsa ematea, herriari eta inguruneari buruz duten ikuspegia partekatu dezaten.

Taldea 21 haur boluntariok osatzen dute, herriko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 4. eta 5. mailakoak. Umeek beren esperientzietatik eta ideietatik abiatuta parte hartzen dute, herriarekin lotutako gaiei buruz lankidetza proposamenak sortzeko asmoz.

Haurren Kontseilua lankidetza estuan ari da lanean udalarekin, komunitate osoaren mesederako izango diren proposamenen garapena bultzatzeko, eta elkarrizketa eraikitzailea eta Arrasaten bizikidetza hobetzeko ideien inplementazioa sustatzeko.