Arrasateko Udalak abian jarriko du 3. bus linea azkarra, Arruena, Arimazubi eta San Andres lotuko dituena, garraio publikoaren erabilera bultzatzeko

2020/11/30
Card image cap
Horrez gain, prezioak merkatuko dira % 30 linea guztietan: MUGI txartelaz ordainduz gero, bidaia arruntak pasatuko dira 0,96 euroko prezioa izatetik 0,70 eurokoa izatera

Arrasateko Udalak pausu bat gehiago emango du herribusaren ezarpenean: zerbitzua oraingo 2 lineetatik 3 lineara pasatuko da. Mantenduko dira oraingo linea zirkular biak, herriaren beheko aldea eta goikoa batzen dituztenak, eta 3. linea sortuko da. Linea azkarra izango da, beheko aldetik era zuzenean lotuko ditu Arruena (Eroskiko geltokitik) eta Arimazubi eta San Andres.

Hona hemen ibilbidea eta geltokiak: Eroski, Gipuzkoa etorbidea, Maalako errotonda, Otalora Lizentziaduna, Muzibarko errotonda, Zarugalde kalea, Udala plazako errotonda, Arrasate pasealekua (Arimazubi), Alfonso VIII kalea, Dr. Bañez kalea, Maiatzaren lehena, Garibai etorbidea, Biteri kalea, Nafarroa etorbidea, Deba etorbidea, Gipuzkoa etorbidea eta Eroski.

Zerbitzu bereziak ere mantentzen dira: Institutuko zerbitzua, Mugikortasun astea, Jubilatuen eguna eta Domu Santu eguneko zerbitzuak.

Frekuentziei dagokienez, mantendu egiten dira 1 eta 2 lineetan: orduero zerbitzu bi. 3. linean ere orduko zerbitzu bi aurreikusten dira. Astelehenetik egubakoitzera: lehen irteera 7:35ean eta azkena 20:05ean. Zapatuan: lehen irteera 8:35ean eta azkena 14:00etan. Abuztuan ordutegi berezia izango da.

Tarifei dagokienez, linea guztiak merkeagoak izango dira: MUGI txartelaz ordainduz gero, bidaia arruntak pasatuko dira 0,96 euroko prezioa izatetik 0,70 eurokoa izatera, eta % 28ko jaitsiera dakar.

Horrez gain, MUGI sistemaren barruan mantentzen da, udalaren helburua baita garraio publikoa bultzatzea eta Arrasatearrei abantailak ekartzea: bus aldaketak, bidaien baturak konpentsazioetan… Tarifei dagokienez, 1-20 bidaia artean 0,70 euroko prezioa izango du, 21-50 bidai artean 0,57 € eta 51-91 edo bidaia gehiagoren artean 0,14 €.

Linea azkarreko busaren eta tarifak merkatzearen ideia herritarrek proposatu zuten TAO zerbitzua definitzeko partaidetza prozesuan. Udalak eskaera hori aztertu du, eta erantzuna eman dio.

Zerbitzuaren helburu nagusia mantentzen da, hau da, helburua da garraio publikoa sustatzea, jasangarritasuna. Maria Ubarretxena alkateak nabarmendu du ekimen honek erantzuten diola udalak legealdi planean jasoa duen ildo estrategiko nagusietako bati: iraunkorragoa eta jasangarriagoa den Arrasate eraikitzea. “Eraldaketa ekologikoa jomugan dugu, hau da, polito-polito energia eredua aldatu behar da, energia berriztagarriak sustatu eta karbono oina murriztu. Horretarako, ezinbestekoa da mugikortasun eredu berriak ezartzea. Hori egin dugu: zerbitzu bat planifikatu, herritar gehiagoren beharrei erantzuten diena”.

Udalaren helburua da linea berri hau abian jartzea eta tarifen merkatzea, TAO zerbitzua herrian ezartzearekin batera. Aurreikuspena da ekainean egotea abian. Behin udalak herribusaren egokitzapenak definitu ostean, lizitazioa egingo da.