Asfaltatze Planean jasotako lanak hasiko ditu bihar Udalak: Garagartzan, Munarren, Bizkaia etorbidean eta Obenerreka kalean
2026/02/04
Bihar hasiko ditu Arrasateko Udalak Garagartza auzoan eta Munar auzoan bideak asfaltatzeko lanak, eta Bizkaia etorbideko eta Obenerrekako errepidearen konponketa lanak eta bide seinalizazioen berritzea. 2024-2034 Asfaltatze Planean jasotako lanak dira, eta, hauek, Asfaltos Urretxu enpresak egingo ditu. Honako gune hauetan egingo dira:
- Garagartza–Atxabalpe oinezkoen bidea: bide osoaren asfaltatzea.
- Arteaga baserriko bidea: bide osoa asfaltatzea; lanek irauten duten bitartean ohiko sarbidea itxita egongo da eta bide alternatibo bat prestatuko da.
- Aragoa kalea: galtzada eta aparkalekuak asfaltatzea eta seinaleztapen horizontala margotzea.
- Bizkaia etorbidea: hainbat hondoratze konpontzea, zebrabide altxatuak asfaltoz egokitzea eta seinaleztapen horizontala berriztatzea.
- Obenerrekako aldapa: zebrabide altxatuak asfaltoz egokitzea eta seinaleztapen horizontala margotzea.
Bi hilabeteko lana, eguraldiak lagunduta
Lanek bi hilabeteko iraupena izatea aurreikusten da.
Lehen fasean, Garagartza–Atxabalpeko oinezko bidean jardungo da. Bihar hasiko dira lanak prestatzen, eta bihartik aurrera ibilbidea itxita egongo da hurrengo zazpi lanegunetan. Epe hori eguraldi-baldintzen araberakoa izango da, eta horiek egokiak ez badira, lanen iraupena luzatu egin daiteke; izan ere, euriarekin lanak eten behar izaten dira. Behin lehen faseko lanak amaituta, hasiko dira Garagartza auzoko asfaltatzeak, edota Aragoa kalekoak.
Arrasateko Udalak herritarren ulermena eta lankidetza eskertzen ditu, lanek sor ditzaketen eragozpenengatik.
2 milioi euroko inbertsioa 10 urtetan
Arrasateko Udalak 2 milioi euro inbertituko ditu 10 urtetan herriko errepideak konpondu eta berritzen. Urtez urte 200.000 euroko inbertsioa egingo du Udalak, 2024an hasi eta 2034 urtera bitartean. “Herriguneko errepide eta espaloiak konpontzeaz gain, baserri auzoetako errepide eta oinezkoen bideak konpontzeko apustua ere egin dugu. Eta inbertsio hau modu jasangarri batean egingo dugu, urtez urte diru partida finko bat bideratuz. Horrela, lan horiek egiteko mailegu bat eskatu beharra saihesten da” adierazi du Kepa Urteagak, Obra, Zerbitzu eta Mantentze zinegotziak.