Asier Azkarate eta Mondrate taldea AKSko irabazleak
2025/06/19
San Juanen atarian banatu dituzte aurten ere AKS sariak, eta kirolariak eta herriko kirol elkarte askotako ordezkariak batu dira gaur arratsaldean Kulturolako arkupean. Izadi Zumalde musikariak izan du ekitaldia musikaz girotzeko ardura, eta lehenengo hiru sariak Udalak erabakitakoak izan dira. Batetik, Euskaltel Euskadiko eta Caja Ruraleko txirrindulari izan eta gero, azken urteotan Movistar Team taldeko kirol zuzendari den Ivan Velascorendako izan da errekonozimenduaren saria.
Ondoren etorri da beste sari berezi bat, kirol ibilbide oso bat saritu duena, eta hori Malen Ruiz de Azuarendako izan da. Arrasateko pertigista Espainiako txapeldun izan zen iaz aire librean, eta halaxe, maila gorenean zegoenean erabaki zuen agur esatea, urte askoan han eta hemen kolore guztietako dominak irabazi eta gero.
Eta talde onenaren saria Mondraterendako izan da. Ligan hirugarren, arrasatearrek play-offetara sailkatzeko txartela eskuratu zuten, eta Donipariren kontra berdindu eta Etxebarrikoen kontra irabazi eta gero, Arrasatearrek Errege Kopa jokatuko dute datorren denboraldian.
Kirolari onenaren saria izan da pastelaren ginga, eta hori ekitaldi amaieran eman dute. Sari hori herritarrek banatzen dute, boto bidez, eta guztira 432 boto jaso ditu Udalak. Bada, botoen ia %27a jasota Asier Azkarate mendi lasterkariarendako izan da aurtengo AKS saria. Hala, gertuen izan dituen hautagaiak izan dira Aitor Madinabeitia karateka (%23), eta Eneritz Urrutia triatleta (%21). “Boto gehien mobilizatzeko gaitasuna duenak irabazten du sari hau, badakigu hori, baina oroigarria bakarrak eramango badu ere, lanaren errekonozimendua finalistetako bakoitzarendako izan da”, adierazi dute ekitaldian bertan.
Euskal Herriko txapeldun Galdamesen, eta Zegama-Aizkorrin bikain
Asier Azkarate aurreko postuetan helmugaratu zen Arrasate-Udalatxen, hirugarren izan zen Aloñako Igoeran, eta esanguratsua izan da Zegama-Aizkorriko maratoiko debutean egindako lana, euskal atleta onenetakoa izan zelako. Ekainean iritsi zaio helmugan besoak altxatzeko aukera, duela egun batzuk Galdamesko lineako proba irabazi eta Euskadiko txapela jantzi berri duelako.