Aste honetan hasiko dituzte ur parkeen muntaketa lanak, eta ekaineko lehen astean zehar irekitzea aurreikusten du Udalak
2026/05/19
Aste honetan hasiko dituzte ur parkeen muntaketa lanak. Udalaz jakinarazi duenez, ekaineko lehen astean irekitzea nahiko lukete, betiere, eguraldi ona bermatzen bada; horregatik, muntaketa lanez gain, garbiketa eta ur kalitatearen analisiak egingo dituzte datozen bi asteetan zehar, “osasun eta kalitate kontrol guztiak bermatu daitezen”.
Musakolako igerilekuan ere hasi dituzte ustutze, garbiketa eta igerilekuak berriz betetzeko lanak. Uda denboraldian egongo dira kanpoko igerilekuak zabalik, ekainaren 12tik irailaren 13ra.

Ur kontsumo handia
Ur parkeek sistema zentralizatua badute ere (ura berrerabiltzeko sistema), ur kontsumoa “etengabekoa” da, eta azken hiru urteetako datuak eman ditu ezagutzera Udalak: 2025ean 1896 m3 kontsumitu ziren, 2024an 1863 m3 ur, eta 2023an 2.919 m3. Ur kontsumo hori Musakolako kanpoko igerilekuekin konparatuz, “igerileku ertaina 11 aldiz betetzeko ur kantitatea edota kanpoko igerileku olinpikoa osorik betetzeko ur kantitatea kontsumitzen da ur parkeekin” azaldu dute Udaletik.
Ur parkeen zaintza, guztion ardura
Azkenik, Udalak “ur parkeak zaindu eta arduraz jokatzeko” deia ireki du. “Ur parkeetako ur kalitate kontrola egingo bada ere, ur parkeak garbi mantentzea guztion ardura da”. Zentzu horretan, azaldu dute Udaletik, zikinkeria pilatzeak bakterio berriak agertzea ekar dezakeela, eta horrek, ur parkeak denbora batez ixtea ekar dezakeela azaldu dute. “Pasa den urtean astebetez itxi behar izan zen ur parkea bakterioak agertu zirelako. Erabilera egokia egiten badugu, itxiera horiek ekiditeko aukera gehiago izango ditugu” azaldu dute Udaleko arduradunek.