Arrasateko Ludotekak eta Gaztetxokoak aste honetan zabalduko dira

2021/09/13
Card image cap
Okendoko, Santa Marinako eta Usaetxeko ludotekek irailaren 13an irekiko dituzte ateak, astelehenetik egubakoitzera, 17:00etatik 20:00ak arte. Ate irekiak: irailaren 13tik urriaren 1era. 3 ludotekak irekita egongo dira zerbitzuak bertatik bertara ezagutzeko.

Iritsi da iraila eta honekin batera Arrasateko Ludotekak eta Gatetxokoek ere ohiko jardunari helduko diote. Aurten, gainera, pausuak emango dira ohiko funtzionamendua berreskuratzeko: zerbitzuen aforoak % 60ra handituta, sarrera-irteerak libreak izango dira, hau da, parte hartu ahal izango da Ludotekak eta Gaztetxokoak irekita dauden ordu eta egunetan, hori bai, indarrean dauden COVID protokoloak jarraituta.

Hezitzaileek azaldu dutenez, “horrek aukera emango du zerbitzuak herriko haur eta nerabe gehiagorengana heltzeko, betiere osasun eta segurtasun neurriak zainduta. Gure helburua da aisialdi hezitzailea oinarri duten kalitatezko zerbitzuak eskaintzea, gure herriko haurren eta nerabeen interesak, beharrak eta egoera emozionala erdigunean jarriz”. Nabarmendu dutenez, Ludoteken eta Gaztetxokoen ekipamenduez gain, lehenetsiko dituzte kanpo espazioak, kalea eta natura guneak.

Irailaren 13tik urriaren 1era Ludoteken ate irekiak

3-11 urte arteko haur guztiei zuzendutako zerbitzuak dira. Jolaserako eta gozamenerako guneak, ondo pasatzeko, pertsonen artean harremanak sortzeko, auzoan eta herrian parte hartzeko, sormena eta emozioak azaltzeko… betiere berdintasuna, euskara eta inklusioa oinarri hartuta.

Proiektuaren ardatza da familiekin elkarlanean aritzea, eta zerbitzuak modu seguruan zabaltzeko, aurten ere ezinbestekoak izango dira familiekin koordinatzea eta haien inplikazioa sustatzea.

Zerbitzuen irekiera: Okendoko, Santa Marinako eta Usaetxeko ludotekek irailaren 13an irekiko dituzte ateak, astelehenetik egubakoitzera, 17:00etatik 20:00ak arte.

Ate irekiak: irailaren 13tik urriaren 1era. 3 ludotekak irekita egongo dira zerbitzuak bertatik bertara ezagutzeko, hezitzaileekin hitz egiteko, … Eta urriaren 4tik aurrera izena eman duten haurrek aukera izango dute ludotekara gerturatzeko.

Izen emateak Ludoteketan eta Gazte bulegoan egin daitezke, eta online

Aukera egongo da hiruhileko bakoitzean izena emateko, edo urte osorako.  Kuota: 30 euro /urtean (3 euro /urtean kuota murriztua).

 

Gaztetxokoak irailaren 14tik zabalik

 

12 eta 17 urte arteko nerabeei eskaini nahi zaie espazio bat euren garapenean esanguratsuak diren arloak lantzeko: pertsonen arteko harremanak, parte hartzea, sormena, autonomia, emozioak…

 

Auzoetako gaztetxokoak irailaren 14an zabalduko dira, martitzenetik egubakoitzera, 17:00-20:00. Eta asteburuan, zapatuetan eta domeketan, auzo bateko gaztetxokoa irekiko da txandaka, Musakolan, Erguinen edo San Andres. Asteburuko ordutegia: 17:00-21-00.

 

Informazio gehiago eta argibide guztiak Gazte Bulegoan eskuratu daitezke (Biteri, 3), eta 943 25 20 65 telefonora deituta edo gaztebulegoa@arrasate.eus helbidera idatzita.