Arrasateko Udalak turismo eskaintza aurkeztu du Aste Santuan Arrasate ezagutzeko

2021/03/25
Card image cap
Udalak, apirilaren 1etik 11ra bitartean, antolatu ditu, batetik, bisita historikoak Arrasateko historiaren, industriaren edo eraikin garrantzitsuenen inguruan eta, bestetik, mendi ibilbideak naturaz gozatzeko, kirola egiteko zein Udalatxeko bihotzean sartzeko.

Aste Santua ate joka dugu jada eta oporraldian herritarrei zein kanpotik herrira hurbiltzen direnei ere aukera emate aldera Arrasate ondo-ondo ezagutzeko, Arrasateko Udalak turismo eskaintza bat aurkeztu du gaur, bisita historikoez nahiz mendi ibilbideez osatua.

Izan ere, Arrasatek ondare historiko eta natural handia eta aberatsa du, eta hori ezagutzera eman eta indartzeko xedez, udalak hainbat ekintza antolatu du apirilaren 1etik 11ra bitartean, “Arrasate, gertuko turismoa” lelopean.

Udalak nabarmendu duenez, “inoiz baino garrantzitsuagoa da herrian duguna bultzatu eta ezagutaraztea, mugikortasuna mugatua baitugu, eta Covid-19aren aurrean ezinbestekoa baita gizarte harremanak murriztea. Gure herrian bertan altxor ugari dugu, gure ondarea, natura… era jasangarrian gozatu dezakegu. Aukera hori bermatua dugu Arrasaten bisita gidatu eder hauekin”.

Izen ematea, halaber, zabalik dago dagoeneko, eta interesdunek izena eman ahal izango dute BAZen, 943 25 20 00 telefonora deituz eta www.arrasate.eus/ezagutu webgunearen bitartez.

Azpimarratu behar da, jakina, bisita eta ibilbide guztiak egingo direla prebentzio, segurtasun eta higiene neurri guztiak hartuta, eta gaur egungo neurriak errespetatuz, betiere, herritarren zein bisitarien osasuna eta ongizatea bermatzeko.

Hona hemen Aste Santurako antolatu den turismo eskaintza:

 

Bisita historikoak

Apirilaren 1ean, eguena, “Arrasate monumentala eta gehiago”: Arrasateko historiaren pasarte garrantzitsuenak historiaurretik aro berrira arte.

  • 10:30ean euskaraz
  • 12:30ean gaztelaniaz
  • Abiapuntua: Herriko plaza

 

Apirilaren 2an, egubakoitza, “Arrasateko industria ondarea”: industrializazioak Arrasaten izandako eragina.

  •  10:30ean euskaraz
  • 12:30ean gaztelaniaz
  • Abiapuntua: Herriko plaza

 

Apirilaren 3an eta 10ean, zapatua, “Arrasateko udaletxea”: pasarte historikoen eta politikoen lekuko izan den eraikina ezagutzen.

  • 10:00etan euskaraz
  • 10:45ean gaztelaniaz
  • 11:30ean euskaraz
  • 12:15ean gaztelaniaz
  • Abiapuntua: Herriko plaza

 

Mendi ibilbideak:

Apirilaren 4an, domeka, “Galarrako koba”: Udalatxeko bihotzaren barrualdean sartzeko eta kobazuloak ezagutzeko.

  • 09:00etan euskaraz
  • 11:00etan gaztelaniaz
  • Abiapuntua: Meatzerreka elkarteko aparkalekua

*Oharra: mendi ibilbide hau egiteko, ezinbestekoa izango da eroatea kaskoa (bizikletakoa, adibidez) eta eskuko linterna zein linterna frontala. Horrekin batera, eskatzen da mendiko oinetako zein arropa aproposa eroatea (tarte labur batean lurrean narrasean ibili beharko da).

 

Apirilaren 5ean, astelehena, “Ipar martxa (nordic walking) Udala-Besaide”: aukera paregabea naturaz gozatu eta kirola egiteko.

  • 10:00etan
  • Abiapuntua: Udalan, goiko aparkalekuan

*Oharra: gomendagarria da nordic walking-eko makilak eroatea. Material hau ez duenari utzi egingo zaio.

 

Apirilaren 11n, domeka, “Gongetako meatzeak”: Udalatxeko karsta eta antzinako meatzaritza aztarnak ezagutzeko.

  • 09:00etan
  • Abiapuntua: Udalan, goiko aparkalekuan.

*Oharra: eskatzen da mendiko oinetako zein arropak eroatea, eta hamarretakoa eta ura ere bai.

 

Arrasate zure kasa:

Aukera horiez haratago, norbaitek Arrasate ezagutu gura izango balu bere kabuz eta bere kasara, gomendatzen da erdigunean dauden ibilbideak egitea, hala nola Erdi Aroko ibilbidea eta industria ondarearen ibilbidea.

 

Esku orria bertan.