Aurora Lolita Chavez Ixcaquic Guatemalako ekintzailearekin hitzaldi solasaldia

2018/01/31
Lolita Chávezek 2017ko Ignacio Ellacuria garapenerako lankidetzaren saria jaso du

AURORA LOLITA CHAVEZ IXCAQUIC, ekintzaile indigena eta feminista guatemalarra Euskal Herrian da, pasa den ekainaz geroztik, aldi baterako errefuxiatu moduan, eta berarekin hitzaldi bat antolatu de Emakume Txokoak, Kulturateko areto nagusian, otsailaren 8an.

Chavez Consejo de Pueblos K´iche´s por la Defensa de la Vida,  Madre  Naturaleza, Tierra y Territoria (CPK)-ko kidea izateaz gain, Tzakat Antzinako Sendalari Feministen Sareko kidea ere bada. Gaztetxotatik jardun du kapitalismo eta patriarkatu basatiaren aurrean, gorputz-lurraldeen aldeko borrokan.

2005az geroztik Giza Eskubideen Inter-amerikar Batzordeak babeserako kautelazko neurriak ipini zizkion baina estatu guatemalarrak ez ditu bete. Hori horrela, bere kontrako atentatu eta salaketa ugari ditu, azkena, iazko ekainean, Quichen, bere bizitokian gertatua. Ilegalki basoko egurra ateratzen ari zirela, hori geldiarazteko asmotan hainbat ekintzaile joan ziren eta tiroka hartu zituzten armak soinean zituzten hainbatek. Horregatik, alde egin behar izan du eta azken hilabeteak Euskal Herrian daramatza errefuxiatu.

Hitzaldi honetan Lolitak bere eta beste hainbat ekintzaileren egoeraren berri emango digu. Horrekin batera, kapitalismoaren alderdirik gordinena azaleratuko du, hau da, nola globalizazioaren eraginez, mendebaldeko herrialdetako , eta Europako hainbat enpresa trasnazionalek herrialdeak pobretzen, ustiatzen eta bertakoak akabatzen dituzten.

Helburu horrekin eta elkartasun internazional feminista sustatzeko asmoarekin Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak kanpaina bat abiatu du #NiEreLolitaNaiz leloarekin.

Emakume Txokotik Hitzaldi solasaldia antolatu dugu Lolitarekin, bere egoeraren berri izateko eta bere herrialdean egiten duten lana eta daramaten borrokaren berri izateko.

Luciana Alfaro Lavadok , Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxako kideak dinamizatuko du, elkarlanean antolatu dugun solasaldia.