`Auzoko´ egitasmoa berriro ere martxan da: egitasmo horrek euskal hiztunak eta euskarara hurreratu gura dutenak elkartzen ditu

2021/10/05
Auzokori esker, euskarara hurbildu gura dutenek aukera dute euskarazko oinarrizko berbak eta esaldi laburrak lantzeko, harreman berriak egiteko, eta herriko kultura eta ohiturak ezagutzeko.

Auzoko programaren edizio berria martxan da. Arrasateko Udalak etengabe dihardu lanean herrian euskararen presentzia indartzeko, eta bide horretan laguntzen du Topagunearen Auzoko programa. Helburua da euskarara lehen pausuak eman gura dituzten herritarrak (auzokideak) eta euskal hiztunak (auzotarrak) elkartzea.

Arrasate herriak hizkuntza aniztasun zabala du, eta udalak gura du euskara zubi izatea guztion artean: «Euskal Herria herri plurala da. Gure gizarteak kultura, jatorri eta hizkuntza ezberdinetako herritarrak biltzen ditu. Auzokok hizkuntza aniztasun hori aitortzen du, herritarron arteko harremanak sustatzen ditu eta kohesiorako eta euskara erdigunean  jartzen du komunikaziorako hizkuntza gisa».

Auzoko programari esker, euskarara hurbildu gura dutenek aukera dute euskarazko oinarrizko berbak eta esaldi laburrak lantzeko, euskarazko harreman berriak egiteko, herriko kultura eta ohiturak ezagutzeko, eta haien hizkuntza, kultura eta ohiturak partekatzeko.

Euskal hiztunei, deia

Hori horrela, Arrasateko Udalak dei egin die euskal hiztunei: «euskaraz bizi bazara, euskarara hurbildu gura dutenen bidelagun izan zaitezke, euskaraz aritzeko uneak eta euskarazko sare bat eskainiz. Gainera, aukera izango duzu herritarren beste hizkuntza batzuk zuzenean ezagutzeko».

Astean behin, hitzordua

Auzoko programan parte hartzen duten auzokideak edo auzotarrak astean behin elkartzen dira, eta euskaraz aritzeko dinamika ugari jorratzen dute: bizipenak partekatu eta bide batez, euskarara gerturatu. Asteroko hitzorduez gain, bestelako ekintzak ere antolatzen dituzte: txangoak, bisita gidatuak, irteera gastronomikoak… eta parte hartzen dute ere Arrasaten izaten diren ekitaldietan.

Izen ematea, zabalik

Auzoko programan parte hartu gura duten arrasatearrek, izan auzokide edo auzotar, zabalik dute izen ematea: « auzoko zabalik dago herritar guztiontzat, euskaratik urrun bizi direnentzat eta euskaratik gertu bizi direnentzat». Izena emateko, Ekin elkartearekin jarri behar da harremanetan, aniztasuna@ekinemakumeak.eus helbide elektronikoaren bidez edo 943 79 83 70 / 651 70 79 36 telefonora deituta.