Auzoko, euskarara hurbiltzeko programa

2018/10/08
Arrasateko Udala eta Ekin Emakumeak elkartea elkarlanean, euskarara hurbiltzeko programak jarri ditugu martxan aurten ere. Euskara kohesiorako tresna gisa ulertzen dugu, eta jatorri ezberdinetako pertsonak eta herriko jendearen arteko loturak bideratzeko euskara batzen gaituen elementu gisa identifikatzen dugu

Auzoko, euskara, aniztasuna eta herritarrak barnebiltzen dituen egitasmoa da. Aniztasuna du oinarri, Euskal Herrian eta Arrasaten dagoen errealitateaz jabetuz, herritarren arteko elkar ezagutzarako une, gune eta aukerak sortuz. Aniztasuna aitortuz, euskara komunikazio eta kohesio hizkuntza gisa erabiltzeko proposamena, praktikara eramaten duen egitasmoa da, alegia.

Herritar orok hartu dezake parte bertan, euskaraz dakienak auzotar moduan eta ez dakienak auzokide gisa. Bigarren hauek hizkuntzarako ibilibidea lehenengoen eskutik egitean dago gakoa. Ikasturte berri honetan hasiko dugun Auzoko Proiektuan, leku bat gorde dugu, euskalduna zaren horrentzat, euskararen normalizazioaz amesten duen horrentzat, ZURETZAT.

Bestalde, Euskaratik urrun dauden herritarrak euskaraz irakurtzera ohitzeko, ipuin motzen irakurketa saioak antolatu ditugu ikasturte honetarako. Irakurketaren bidez euskara ikas daitekeela uste dugu, hiztegia ikasi, ahoskera, ulermena edo, aldi berean, irakurketa moduko gaitasunak landuz. Gainera, euskaratik urrun dauden gurasoei, irakurketaren bidez, modu natural batean, beraien seme-alabekin euskaraz komunikatzeko, partekatzeko eta erlazionatzeko aukera zabaltzen zaie eta hau balio erantsi modura ulertzen dugu.

Saioak urrian hasiko dira, beraz, informazio gehiago eta zehatzagoa nahi izanez gero hurbildu zaitez Ekin Emakumeak Elkartera ( Pablo Uranga 4, behea ) edo deitu  943 79 83 70/ 651 70 79 36 zenbakietara.