Azaroak 20: haur eta nerabeen eskubideen nazioarteko eguna

2017/11/17
Azaroak 20, Haurren eta Nerabeen Nazioarteko eguna denez, harekin bat egin nahi du Arrasateko Udalak eta, Nazio Batuek onartutako Haurren eta Nerabeen Eskubideei buruzko Hitzarmenak (HEH) dioen moduan, adierazi eta agerian jarri nahi dugu haurrak eta nerabeak eskubideak dituzten pertsonak direla

Arrasateko haur eta nerabe guztiek dute eskubidea haien autonomia garatzeko, parte hartzeko, adierazteko eta ondo pasatzeko. Horretarako, besteak beste hainbat zerbitzu eta ekimen ditugu martxan:  Haurren Kontseilua, ludotekak eta gazte txokoak esaterako. Azaroaren 20a Haurren eta Nerabeen Nazioarteko eguna oinarri hartuta, adierazi eta agerian jarri nahi dugu gure zerbitzuetako protagonistak direla eta hainbat eskubide bermatzen direla bertan.

Zerbitzu hauek haien espazioak dira; bertan lagun berriak ezagutu eta baloreak lantzen dituzte, baita jolastu eta dibertitu ere. Oinarrian proiektu hezitzaile bat dute eta, besteak beste, aniztasuna, berdintasuna eta euskara sustatzen duten zerbitzuak dira.

 

HAURREN KONTSEILUA

Arrasateko Haurren Kontseilua 2016-17 ikasturtean martxan jarri zen, haurren parte hartzea eta adierazpena sustatzeko asmoz. Alkatetzaren aholkularitza izaera dauka eta haurrei eragiten dieten gaien inguruan beraien ahotsa entzun eta ekarpenak jaso nahi ditu. Udalak, bere aldetik, horiek kontuan hartzeko konpromisoa hartzen du erabakiak hartu baino lehen.

Aurreko ikasturtean Santa Barbararen inguruko lanketa burutu zen  eta 4 lan ildo definitu ziren: aterpe bat sortzea, parkeko naturaz gozatzeko espazioa atontzea, udako zinema egitea eta naturarekin harremanetan egin daitekeen kirola sustatzea.

Haurren Kontseiluaren lehenengo ikasturtea laburtzen duen bideoa ikusi.

Ikasturte honetan 4 ildoekin jarraitzeko asmoa dago, Udal Sail ezberdinekin elkarlanean proiektuak zehaztu eta garatzeko.

2017-18 izen ematea.

Ikasturte honetako ibilbideari ekiteko, aurkezpenak egin dira eskoletan eta Haurren Kontseilukide izateko inskripzio epea zabalik dago, hurrengo azaroaren 22ra arte, ikastetxean bertan. Izena ematen dutenen artean zozketa egingo da. Abenduan deituko zaie harrera bilera batera haurrei eta gurasoei, kontseiluaren nondik norakoak azaltzeko.

 

LUDOTEKAK

Herriko hiru ludoteketan ere haurren eskubideez hausnartzen ari dira egun hauetan eta lelo ezberdinak aukeratzen ibili dira, euren aldarrikapena egiteko. Izan ere, astelehenean, azaroaren 20an, kale agerraldiak egingo dira ludotekak dauden auzoetan, Erdialdean, Santamañan eta Uribarrin, Haurren eta Nerabeen Eskubideen Nazioarteko eguna aldarrikatzeko.

 

 

NERABEAK

Hurrengo astean zehar GAZTE TXOKOETAN ere gaiaz hausnartuko dute eta ekintza bereziak antolatuko dira Haurren eta Nerabeen Eskubideen inguruan.

 

Nazio Batuek onartutako Haurren eta Nerabeen Eskubideei buruzko Hitzarmena

AZAROAK 20, Haur eta Nerabeen Eskubideen Nazioarteko egunaren alde, hemen eta orain, ni neu naiz!