Udal gobernuak azken 12 urteetako aurrekonturik altuena proposatu du, Arrasate suspertzen jarraitzeko.

2021/11/11
Card image cap
37.099.591,17 eurokoa izango da. 2021eko aurrekontuarekin alderatuta % 2,67ko igoera izango du, ia milioi bat gehiago. Gizarte garapenera bideratuko du zati handiena, % 30etik gora, hirigintza eta sustapen ekonomikoari jarraikiz

Arrasateko udal gobernuak 2022ko aurrekontu proposamena aurkeztu du: 37.099.591,17 eurokoa izango da. 2021eko aurrekontuarekin alderatuta % 2,67ko igoera izango du, eta bi funts nagusi betetzera bideratuko da: arrasatearren babesa eta aukerak eskaintzea eta proiektu estrategikoak garatzea herri jasangarriago, irisgarriago eta garatuagoa eraikitzeko.

Maria Ubarretxena alkateak, Ander Garay Ogasun zinegotziak eta Victoriano Fuentes Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak aurkeztu dute 2022ko aurrekontu proiektuaren proposamena: “Zuhurtzia osoz eta momentuko egoerari erantzuteko aurrekontuak osatu ditugu. Udal gobernutik apustua egin dugu Arrasate aurreratu baten alde. Covid-19aren ondorioz izandako pandemiak zuzenean eragin du gizartean eta herritarrengan. Pandemia hasi zenetik 2020ko martxoan Arrasateko Udalak sustapen eta babes neurriak ezarri ditu lehen unetik: laguntza soziala indartu, ehun ekonomikoari babes neurriak, sustapen kanpainen bultzada eta inbertsio guztiei eustea. Bide beretik jarraitzen dugu errekuperazio testuinguru batean. Trantsizio sozial, ekonomiko eta ekologiko bat garatu behar dugu. Susperraldi orokorra. Administraziotik lan egingo dugu herriko enpresa, ehun ekonomiko, eragile eta, bereziki, herritarren eskutik eta sustapen izaerarekin”.

“Horren aurrean, Arrasateko Udaletik errekuperazioaren aurrekontuak osatu ditugu, etorkizunean jarriz fokua, baina orainari erantzunez, era inklusiboan, guztiok batera egin dezagun aurrera, inor atzean utzi gabe” azaldu du Ubarretxenak: “arrasatearrak kokatzen dira herria eraldatzeko dinamikak sustatuko dituzten politika publikoen diseinuaren erdigunean, non komunitatearen, bizikidetzaren eta garapen iraunkorraren kontzeptuak eraldaketa horren bultzatzaile diren. Guztiok batera, guztiontzat egin behar dugu lan”.

Arrasateko Udalak osatutako ‘2020-30 Herri Plana’ integratzen duten oinarrizko partidak mantendu egiten dira: garapen sozial, ekonomiko eta jasangarria.

Gizarte zerbitzuak eta sustapen ekonomikoa bultzatzeko ekimen eta proiektuak indartu dira, eta proiektu estrategikoei bidea eman: hala nola Santa Teresako igogailu publikoa eta auzoaren berrurbanizazioa, bidegorri sarea osatzea Foru – Leintzibar kaleen artean, prozesu parte hartzailea Grupo San Juaneko eraberritzea bultzatzeko, Kirol Azpiegituren Maparen prozesuaren emaitzatik eratorritako proiektuak garatzen hastea, Onbenerreka parkour parkea ezartzea eta jolas parkeen eraberritzea.

Bi urtean segidan, 2021 eta 2022, udalak ez du igo tasarik eta zergarik: “2015-2019 agintaldian zorra guztiz kitatu genuen, eta horrek ahal bidetu digu Covid-19aren pandemian babes neurri garrantzitsuak abian jartzea. 2022. urterako Foro Funtsaren aurreikuspena esperokoa baino baikorragoa izan da eta udalaren finantza egoera oso osasuntsua da.  Zero zor egoera horretan mantentzen dugu Arrasateko Udala, eta ez da aurreikusten mailegurik eskatu behar izatea 2022ko inbertsioei begira. Hori, gainera, kontuan izanda urte bian (2021 eta 2022) Arrasatek zerga eta tasa guztiak izoztu dituela, inguruko gainerako herriek % 3,3ko igoera aplikatu dutenean”.

Arrasate soziala: aurrekontuaren % 30etik gora gastu sozialera

2022. urteko aurrekontuak jarraituko du lehentasuna ematen herritarren ongizateari dagozkion helburuei, eta apustu horren seinale da aurreko urtean % 14 igo bazen aurrekontu osoa atal honetan, aurten hura mantendu egiten dela % 1,41eko igoerarekin.  Garapen komunitarioaren atalera (Gizarte zerbitzuak + Gazteria) udalak bideratuko du guztira 4 milioi euro.

Ubarretxena alkateak azaldu eran, “gizarte kohesioa bermatzea dugu jomuga, laguntza eta programa sozial oro mantenduz eta beharra izanez gero, horiek handitzeko konpromisoarekin”.

Covid-19aren eraginez, 2021eko aurrekontuan beharra ikusi zen hainbat partida indartzeko (% 40ko igoera), eta partida horiek mantenduko dira: 1,2 milioi euro bideratu da etxeko laguntza zerbitzua zein pobreziaren kontrako larrialdi planak gauzatzeko, 322.950 € babesgabeko egoerei aurre egiteko eta 60.000 € tutoretzapeko etxebizitzen laguntza zerbitzurako.

2022an, inbertsio nagusi eran, Arrasatek, Eguneko Zentro berri bat irekiko du Garibai kaleko 1 zenbakian, mendekotasun baxua duten pertsonentzat bideratua.

Egitasmoei begira, 82.507,47 euro jarri du Lan ere Bai programa berritzailerako, eta San Juan de Dios ospitalearekin elkarlanean droga menpekotasuna ardatz duen EKKO programa garatzen jarraituko da, herriko ikastetxe komunitatearekin elkarlanean (40.000 €).

Gazteak Arrasateren etorkizuna

Gazteriaren sustapenerako, gazteen emantzipazio aukerak areagotzeko 60.000 euroko partida bat bideratu da programaren jarraipena bermatzeko. Txikitxokoa finantzatzeko 39.500 euro. Horrez gain, gazteei begirako apustuan ludoteka eta gaztetxoko zerbitzua indartu egin da, % 2 igoz bere aurrekontua, 435.230 €. Musakola auzoko Gaztegune berria egiteko 38.000 € egokitu dira. Era berean, udalak 10.000 €-ko partida bat zuzendu du sarrera gutxi dituzten familiei laguntzeko, udalekuetan zein eskolaz kanpoko jarduerak egin ahal izateko.  Gainera, udalak Txikilandia egitasmoa laguntzen jarraituko du, Txatxilipurdik Gabon garai inguruan antolatzen duena, 15.000 eurorekin.

Arrasate enplegu aukeraduna

“Helburu estrategikoa da Arrasate izatea lan inguru aproposa, herri bizia eta erakargarria, eta horregatik atal honek berebiziko garrantzia du” azpimarratu du Maria Ubarretxenak.

Arrasateko enpresen arteko komunitate balioak, lankidetza eta talde lana indartzeko helburuarekin, Mondragon Unibertsitateak eta udalak kanpus berri bat sortuko dute, E-Labs laborategi ireki berritzaile batekin, herrian aukera berriak eskainiko dituena, ekintzailetza teknologikoaren ikuspegiaren barruan. “Ulertzen dugu enplegu duin bat lortzeko lehen pausua dela formakuntza egoki bat izatea” azaldu du alkateak.

Arrasatera ezarpen ekonomiko berriak erakartzeko ekintzak ahalbidetzeko, 10.000 euro ezarri dira, eta aktibitateak, foroak eta lan azokak gauzatzeko, 15.000 euro. Mondragon City Challenge egitasmoa mantentze aldera, 40.000 euro bideratu dira. Bestalde, langabeak kontratatzeko laguntza 87.500 euroan ezarri da, aurreko urteetako eboluzioari erreparatuta, eta 417.828,37 euro bideratu dira egoera zaurgarrian dauden herritarrei lan aukerak eskaintzeko.

Tokiko merkataritza zein nekazaritza arloko ekintzak burutzeko, 13.000 euroko partida bideratu da, eta tokiko merkataritza suspertzeko ekintzak egin ahal izateko, 25.700 €-ko partida. Ibai Arte merkatari elkartearekin hitzarmena mantentzeaz gain (31.000 €), Gabonen bueltan ekintzak elkarrekin antolatzeko, 20.000 € bideratuko dira. Digitalizazioarekin aurrera egin ahal izateko, 50.000 € ezarri dira eta bono kanpainak egin ahal izateko, 30.000 €.

Arrasate eko

Estrategikoa da auzoetara irisgarritasuna bermatzea eta trantsizio energetikoari bide ematea. Hiri mugikortasuneko eredu berri bat garatuko da, autoaren erabilera gutxituko duena eta oinezkoa lehenetsiko duena, eraldaketa urbanistikoa eta ekologikoa gailendu dadin. Hona hemen inbertsioak: Galizia kaleko igogailua (900.000 €), TAO sistema (zerbitzua aurrera eroateko, 470.000 €) eta Leintzibarreko bidegorria.

Asmoa da Araba etorbideko bidegorriari jarraipena ematea eta pausoka herria zeharkatuko duen bidegorri sarea bukatzen joatea; auto pribatuaren aurretik hobetsi nahi dira garraio publikoa eta bizikletaren erabilera. Horretarako, azpiegiturek samurtu behar dute eraldaketa, eta Etxaluze - Maala Ekobulebarra amaitzeko, 300.000 € jaso dira. Bidegorri sarearekin jarraituz, Araba etorbidea eta Gipuzkoako Foruen plaza lotuko dituen bidegorria eta Leintzibar kalea hartuko duen bidegorria lotzeko, 300.000 €-ko partida jaso da, zati horretako obrarekin hasteko.

TAO sistema ezartzearen helburuetako bat da garraio publikoa sustatzea; ildo horretan, gune batzuk sortu dira herritik kanpora aparkatzeko. Autobus linea berria abian jarri da, 3. linea, eta garraio publikoaren apustuarekin aurrera egiten jarraitzeko, 630.000€ bideratu dira, eta garraio publikoen tarifen defizita osatzeko, 40.000 €.

Jasangarritasunaren ildotik, argiteriako inbertsioak egiteko partida indartu da 20.000 euroan (100.000 € guztira) eta zentro publikoetako argiteria hobetzeko, 70.000 €  bideratu dira.

Zalduspeko egitasmoarekin aurrera jarraitzeko, 2021eko aurrekontuak jasotzen du 400.000 €-ko partida bat, zeina erabiliko den bertako pabiloi zaharrak eraisteko, behin eraikin zahar horiek erabiltzen dituzten eragileen lekualdaketa eginda. Horrela, Zalduspe gunearen berrantolaketan 2022ko aurrekontuak pauso gehigarria jasotzen du.

Etxezarreta basoaren erosketa gauzatu eta gero, basoa errekuperatzeko, 50.000 euroko partida bat jaso da. Garagartzako ortu ekologikoei dagokienez, ortuetan inbertsioak egiteko, 16.000 €-ko partida egokitu da, eta bertan konponketak egiteko, 7.000 €-ko partida gehigarri bat.

Herri bizia, euskalduna eta berdinzalea

Udala lanketa bat egiten hasi zen 2017an hizkuntza aktibazioaren inguruan. Prozesu horretatik eratorritako egitasmoei bide emateko, 15.000 € jaso dira – aurreko urtean baino 5.000 € gehiago - eta 25.000 € ekintzak egiteko.

Bestalde, euskal hedabideak diruz laguntzen jarraituko dugu, hala nola Goienari 195.703 euro eta Mondraberri aldizkari digitalari 30.000 euro. Arrasate Euskaldun Dezagun elkartearekin sinatutako hitzarmenari (Jokin Zaitegi beka barne) bide emateko, 44.345 euro. Euskarako dirulaguntzen partida mantentzen da 88.374 eurorekin.

Kulturari dagokionez, behin Kulturola eta Juan Artzamendi Musika etxea bideratuta, 200.000 € egokitu dira Juan Artzamendi eraikina ekipatzeko. Ildo berean, dirulaguntza lerroa ireki da, 30.000 euroko partida batekin, kultura eragileek laguntza ekipamenduak eskuratu ahal izan dezaten, Kulturolan izango dituzten lokal berrietarako.

Horrez gain, Amaia antzokiko galdara aldatzeko eta ekipamendua berritzeko, 80.000 € bideratu dira eta 50.000 € Kulturateko ekipamendua berritzeko.

Kulturolan Euskaltegiak egoitza berria izango du 2022an. Asmoa izan da euskaltegia uztartzea gainontzeko elkarteekin zein eragileekin, eta ahalbideratzea euskara ikastera datorren pertsonak aukera izatea euskal kultura ezagutzeko. Euskaltegiaren funtzionamendu gastuetarako 41.700 € bideratu dira.

Udal gobernuaren kudeaketa eredua: Gobernantza kolaboratiboa

Aurrekontu partehartzaileen dinamika berritzailea ezarriko da. Aurreko legealdian prozesu bat jorratu zen parte hartzearen ordenantza bat sortzeko, eta agintaldi berri honetan, prozesua amaituko da, herritarren parte hartzea naturaltasunez txertatu dadin udal jardunean.

Aurreko agintaldian hainbat prozesu partehartzaile jarri ziren abian, eta ildo beretik jarraituko da 2022an ere: Kirol azpiegituren mapa egiteko (100.000 €), Grupo San Juan eremuaren eraberritzea bultzatzeko, prozesu parte hartzailea eratzeko (18.000 €), Altamira auzoko berrurbanizazio proiektua egiteko (40.000 €), Haur Kontseilua (21.716€) eta, Udala Goikoaren auzoaren berrurbanizazio prozesua lantzen ari da udala auzotarrekin, eta proiektua elkarlanean idazteko, 20.000 € bideratuko dira. Bestalde, parte hartze arloaren baitan partida bat jarri da, 25.000 eurokoa, ordenantzaren prozesua bukatzeko eta aurrekontu partehartzaileak aurrera eroateko. Gainontzeko prozesu partehartzaileek aurrekontu espezifikoa izango dute egitasmoen barruan.

Udalean ordezkaritza duten alderdiekin proposamena lantzeko tartea

Udal gobernuak aurrekontu proposamena udalean ordezkaritza duten alderdi guztiei helarazi die, eta Ogasun batzordean garatuko da behin-betiko proposamena. Udalaren helburua da abendu hasieran 2022ko aurrekontua onartzea.