Badatoz AKS’26 Sariak, Arrasateko kirolariak aitortzeko hitzordua
2026/06/11
Arrasateko Udalak herriko kirolari eta kirol talde onenen lana aitortuko du ekainaren 18an, eguena, Kulturolako arkupean (18:30). Hala, AKS (Arrasateko Kirol Sariak) barruan, Udalak dagoeneko hainbat sari erabakita ditu, hala nola, Kirolari onenaren saria, eta Kirol errokonozimenduarena. Sari horiek egunean bertan jakinaraziko dira, ekitaldian bertan.
Gainontzeko sarietan herritarrek parte-hartze zuzena izango dute, izan ere, euren esku egongo da Herritarren saria eta Talde onenaren saria erabakitzea. Batetik, herritarren saria emango diote bakarkako kirolari bati, eta bestetik, kirol talde onenaren saria ere euren esku egongo da. Horretarako, Udalaren webgunean eman beharko dute botoa.
Gaur hasi eta ekainaren 15a bitartean edukiko dute arrasatearrek botua emateko aukera. Dagoeneko bozkatu daiteke udaleko web atarian.
Kirol talde onenarendako proposamenak:
BIDEOA: https://www.youtube.com/watch?v=1Lm9X-tVkKc
- Smartlog Ointxeko 3x3ko emakumezkoak.
Tenerifeko 3X3 Series Master txapelketa irabazi zuten iazko udan Ointxe!-ko Izar Bediak, Naroa Zabalak eta Alazne Canalesek, IDK Euskotrenek fitxatu berri zuen Irene Muruarekin batera. Eta, txapelketa hori irabazi izanak abuztuan Bordelen jokatu zuten FIBA 3x3ko nazioarteko txapelketarako ateak ireki zizkien. Bada, han, irlandako selekzioari irabazi egin zioten, eta estatubatuarrek etorri behar izan zuten moreak geratzera. Ointxek ofizialki 3x3ko taldeak atera ditu aurten, eta hasi dira emaitzak batzen. Valentzian duela aste batzuk arrasatearrak nagusitu ziren, eta Le Mans hirian jokatu berri duten torneoan hirugarren geratu dira.
- Mondrate areto futboleko seniorrak:
Arrasateko areto futbol taldeak hamairu urte bete ditu, eta denbora tarte honetan hazten joan da etengabe. Iazko lan onari esker irailean Errege Kopa ekarri zuten lehenengoz Musakolara, eta aurtengo denboraldian nagusi izan dira ligan, Bigarren B mailarako igoera historikoa lortuta. Gipuzkoako futbol federazioak lorpen hori aitortu berri dio, Gipuzkoako areto futboleko talde onena izendatu dutelako. Iaz eurak izan ziren AKSko sariketako protagonistetako batzuk.
- Mondragon Unibertsitateko senior gizonezkoen taldea
Hamalau urtez EBAn jokatu eta gero –gaur egungo FEB3 mailan–, Ointxeko zuzendaritzak erabaki zaila hartu zuen iazko denboraldian: kategoria horri muzin egitea. Atzean zegoen motiboa sinplea zen, belaunaldi aldaketa batera hobeto egokitzea. Baina, maila goragoetan lehiatzera ohituta dauden jokalari beteranoek eta harrobitik igotako gazteek osatutako taldeak Euskadiko Txapelketako lehenengo mailara igotzea lortu dute, denboraldi ederra eginda.
- Geurea Rugby taldeko emakumezkoak
Arrasateko, Elorrioko eta Zornotzako errugbilariek osatzen dute Geureak taldea, eta aurten denboraldi ederra egin dute. Etxean, Mojategin, La Unicari irabazita lortu zuten astebete geroago Zarautzen jokatu behar zuten final handirako sailkatzea. Eta finalean faboritoa Gaztedi talde indartsua bazen ere, Geureakoek sekulako partidua egin zuten gasteiztarren aurrean, eta azken segundoetan lortutako entsegu bati esker lortu zuten Euskal Liga irabaztea.
Herritarren sarirako proposamenak:
BIDEOA: https://www.youtube.com/watch?v=q8Z_oIu_PtM
- Irene Murua saskibaloi jokalaria.
Irene Muruak profesionaletara saltoa egin du IDK Euskotren taldearen eskutik. Hainbat urtez AEBean jokatzen iblii eta gero arrasatearrak ekainean fitxatu zuen Gipuzkoako saskibaloi talde nagusiarekin. Talde gipuzkoarrak sufritu egin du aurten mailari eusteko, baina lortu dute helburua, eta gorengo mailan jarraituko dute. Horrekin batera, Smartlog Ointxe taldeaz 3x3ko torneoetan lorpen ederrak lortu ditu.
- Ander Murua pilotaria.
Arrasatearrak B serieko eskuz binakako txapelketa irabazi zuen martxoan, Arkaitz Gabirondok lagunduta, Bergaran jokatutako finalean. Eta txapela horrekin konformatu ez, eta buruz burukoa prestatzeko apenas asti barik, Murua finaleraino iritsi zen duela aste gutxi. Zoritxarrez, Unai Amianoren kontra galdu egin zuen Labriten jokatutako finalean, baina zalantza barik, Arrasatekoak berretsi du promozio mailako aurrelaririk indartsuenetako bat dela.
- Bingen Errasti Surne Bilbao Basketeko saskibaloi jokalaria
2025eko urrian, FIBA Europe Cup txapelketan egin zuen debuta Bilbao Basketeko lehen taldearekin, Peristeri greziarraren aurkako partidan. Eta duela aste batzuk arrasatearrak FIBA Europe Cup irabazi du talde bizkaitarrarekin. Finalean ez zuen minuturik izan, lesio batetik errekuperatzen ibili da, baina denboraldian zehar egin du taldean ekarpena. Eta, euskal saskibaloiaren promesa handienetako bat dela berretsi du.
- Eider Gutierrez igerilaria.
Arrasatearra apneako (arnasa eutsiz egiten den urpeko kirola) erreferente nagusietako bat da Euskal Herrian, eta azken urteotan lorpen ugari pilatu ditu. Aurten Euskadiko Apnea Indoor Txapelduna izan da seigarren urtez, eta Espainiako txapeldun izan da euskal selekzioarekin. Azken urteotan AKSko sariketan hautagaien artean egon da, eta aurten ere hemen egoteko merituak egin ditu, zalantzarik gabe.
- Andoni Azkarate mendi lasterkaria.
2023an arrasatear bat protagonista izan zen Hiru Handiak lasterketan, Ane Zabala lehenengo emakumezkoa izan zen helmugan. Aurten beste herrikide bat izan da lasterketa horretako protagonistetako bat, Andoni Azkarate. Arrasatearrak 11 ordu, 7 minutu eta 30 segundoko denbora egin zuen, eta ultra distantziarako dohain onak dituela erakutsi zuen, podiumeko hirugarren postura igota, Julen Martínez eta Jokin Garcíaren atzetik.
- Mikel Velasco ardi moztailea.
Aurten Euskal selekzioa lehenengoz izan da Zeelanda Berrian egiten duten ardi moztaileen Munduko Txapelketan (Golden Shears World Championship). Txapelketa horretan Euskal Herria lehen aldiz lehiatu da nazioarteko ordezkaritza propioarekin. Taldea osatzeko 2025eko Euskal Herriko txapelketako eta nazioarteko zirkuituko emaitzak hartu zituzten kontuan, eta hautatutakoen artean egon zen arrasatearra. Hala, txapelketa historiko horretan parte-hartzea Euskal Herriko ardi-mozketaren historian mugarritzat hartu da.
- Eneritz Urrutia triatleta
Eneritz Urrutiak 2025-2026 denboraldian Euskal Herriko triatloiaren erreferenteetako bat izaten jarraitu du, bai distantzia erdian (Half) bai distantzia olinpikoan lortutako emaitzei esker. Udazkenean, esaterako, modu ikusgarrian amaitu zuen denboraldia, Getxoko eta Sestaoko triatloietan andre eta jabe izan zelako, helmuga lehenengo gurutzatuz. Euskal GNG zirkuituan txapelduna izan zen maila absolutuan. Aurten Gasteizko Half Gasteizen bigarren izan da Euskadiko txapelketan, eta Espainiako taldekako txapelketan duatloi eta triatloian txapeldun izan da Peñota Dental Triatlon taldeaz. Duatloian lehenengo mailara igo dira eta triatloian bigarren mailara.
- Josu Tornay xakelaria.
Arrasateko xakelariaren aurtengo lorpen handiena 2026ko apirilean iritsi da. Albaniako Durrësen jokatutako FIDE Senior Team World Championship txapelketan parte hartu zuen, Kataluniako Unibertsitate Politeknikoko taldearekin (KUP). Taldeak 10. postua lortu zuen 36 talderen artean, aurreko urtean eskuratutako 28. postua nabarmen hobetuz.