Bedoñabeko haur eskolak itxura berria estreinatuko du

2018/07/04
Guztira 44.928,90€ (bez barne) bideratu ditu Udalak aipatu fatxadaren margotze lanetara eta Arrasateko Muralart taldea izango da murala margotzearen arduraduna

Etorkizuna eta hezkuntza estuko lotura daudela jakinik, herriko hezkuntza arloa indartzearen alde eginiko apustuaren baitan urrats eta inbertsio berriak eginez jarraitzen du Udalak.

Izan ere, Institutuko, Erguineko, Bedoñabeko, edo Arizmendi Ikastolako hiru eraikinetako (Arimazubi, Gazteluondo eta Santa Teresa) eskola patioak hornitu eta Ferixalekuko teilatua konpondu ostean, oraingoan, ikasturtea amaitu eta uda sasoia heldu orduko Bedoñabe Herri Eskolako eraikina margotzen hasiko da Udala.

Eraikinak baina, berezitasun nagusi bat izango du: mural koloretsua bat alegia. Izan ere, eskolaren itxura berria erabakitzeko orduan, eskolako ordezkariek herriko artistekin landutako proposamen bat aurkeztu zioten Udalari. Edonola ere, Udalak eraikina margotzea aurreikusita zuenez, jada esleituta zituen margotze lanak 33.930€ko aurrekontuarekin baina behin proposamen berri hori ezagututa, begi onez ikusi zuen eta onartuta geratu ziren, beraz, hori burutzeko aurrekontua eta lanak.

Horiek horrela, aurrez kontratatutako enpresak eraikina bere osotasunean margotuko du guraso ordezkariek aurkeztutako bozetoari jarraiki eta ondoren, MuralArt-eko artistek egingo dituzte muralak 10.998,90 EUR ko aurrekontuarekin (BEZ barne). Lanak aste honetan abiatuko dira eta abuztu bukaerarako amaitzea aurreikusi du Udalak.

Halaber, Udalak balioan jarri nahi izan du guraso ordezkarien proposamena eta prozesuan zehar herriko artistek izandako inplikazioa eta horri lotutagehitu du: “herriko beste hainbat gunek bezala, Bedoñabe herri eskolak ere erakutsiko du gure herriko artisten lana”.

Amaitzeko, Bedoñabeko eskolako eraikina margotzeaz gain, eskola ondoan dagoen Kurtzetxiki parkea berrituko duela ere aurreratu du Udalak. “Eskolaren egokitze eta margotze lanekin eta parkearen berritzearekin, Udalaren asmoa da San Andres auzoko haurrei euren beharretara egokitutako aisialdi eta jolas-guneak eskaini ahal izatea, baita, noski, auzoa indartu eta bizitasun eta alaitasun puntu berri bat ematea ere”, amaitu dute Udaletik.