Berrikuntzekin dator Udazabalen edizio berria, uztailaren 3tik 25era
2025/06/30
Uztailaren 3tik 25era ospatuko da Udazabalen edizio berria, udako kultur eskaintza askotarikoa. Musika, zirkoa, antzerkia, dantza eta zinea izango dira eskainiko diren ikuskizunen artean. Hilabete osoan zehar izango dira kultur ekintzak, baina hainbat musika jaialdi ere. Deskargatu hemen egitarau osoa.
Zinea bueltan da Monterronen eta musika Santa Barbaran
Berrikuntza nagusienak herriko bi naturgune nagusienetan emango dira: Monterronen eta Santa Barbaran.
Monterron parkeak berriz ere zine ikuskizunak jasoko ditu hilabete amaieran. Itzulera hau AED elkartearekin elkarlanean egingo da eta bi pelikula emango dira, Kantauri hilaren 19an, eta El Vasco hilaren 25ean.
Ez da berrikuntza bakarra izango, Urmuga jaialdiak ere geldialdia egingo du lehendabizikoz Arrasaten. Mendi-ibilaldi musikatuaren jaialdiak Udazabalentzat leku berria hartuko du, Santa Barbara parkea, Goikobalun.
Dantza, antzerki eta zirku emanaldiak
Dantzak presentzia nabarmena izango du Udazabaleko egitarauan. Bi egun nagusi izango dira dantza garaikideaz gozatzeko: uztailaren 11n eta 18an. Hilaren 11n punta-puntako hiru pieza motz ikusteko aukera izango da Zaldibar frontoian, bi Euskal Herriko talde, eta bat Kataluniakoa. Uztailaren 18an Tio Teronen semeak talde euskaldunaren dantza ikuskizuna izango da Herriko Plazan.
Uztailaren 8an zirkuak hartuko du Biteri plaza, Transir ikuskizunarekin. Eta, 15ean berriz, “Azkena eta bagoaz” antzerki emanaldia izango da Seber Altube plazan, Trapu Zaharrak konpainiaren eskutik.
Askotariko musika
2000. urtean Arrasate Musikaletik sortutako taldeak irekiko du Udazabaleko egitaraua, urtero bezala. Uztailaren 4an eskainiko dute kontzertua Zaldibar frontoian.
Bestalde, herrian hainbat musika jaialdi eta kontzertu ere izango dira:
- Arrasate Blues: uztailaren 3tik 24ra bitartean eskaintza musikal zabala izango da herri osoan zehar 17 kontzerturekin.
- Mondra&Roll musika jaialdia uztailaren 4 eta 5ean ospatuko da, eta, urtero bezala, Monterronen jendetza biltzea aurreikusten da rockaren jaialdi honetan. Sarrerak salgai.
- Fermin Muguruzak ere Arrasate bisitatuko du domeka honetan, 18:00etan Monterronen. Sarrerak salgai.