Bihartik aurrera ikasi eta irakurri ahal izango da Arrasateko udal bibliotekan, eta ordenagailuen zerbitzua ere eskainiko da

2020/06/17
Card image cap
Maileguak eta itzulketak orain arte bezala egin ahal izango dira, eta bihartik aurrera 30 leku egongo dira bibliotekan irakurri eta ikasteko, eta 7 postu ordenagailuak erabiltzeko, gehienez ordubeteko saioetan.

Bihartik aurrera Arrasateko bibliotekan aukera egongo da bertan irakurri eta ikasteko, baita ordenagailu zerbitzua erabiltzeko ere. Maileguak eta itzulketak orain arte bezala egingo dira, eta maileguen kasuan oraindik ez dago baimenduta autozerbitzua. Egoerak eskatzen duen moduan, baldintza bereziak bete beharko dira.

30 leku egongo dira bibliotekan ikasi edo irakurtzeko, eta ordenagailua erabiltzeko gehienez ordubeteko txandak izango dira, eta 7 postu besterik ez da egongo erabilgarri. Erabiltzaileei postuak garbi dauden edo ez adierazteko, fitxa gorriak eta berdeak jarriko dituzte. Sarreran lankide batek banatuko ditu 37 postu horietarako txartelak, eta erabiltzaileek bertan hartu eta itzuli beharko dituzte. Lankideak ziurtatuko du pertsona guztiek eskuak gelarekin garbitzen dituztela eta maskara jarrita igotzen direla liburutegira. Lehen eta bigarren solairuetan komun bi bakarrik egongo dira zabalik, eta egunean lau bider garbituko dira segurtasuna eta garbitasuna bermatzeko.

Momentuz ez da eskainiko hemeroteka, bideoteka eta fonoteka zerbitzu presentzialik, eta debekatuta dago norberak dokumentuak hartzea apaletatik. Haur biblioteka ere itxita egongo da oraingoz, baina sarreran aukera ematen da maileguak eskuratzeko