Bixente Barandiaran: Arrasateko azken errementaria

Bixente Barandiaranek, Mentu, Udalari oinordetzan eman zion bere errementari tailerreko tresneria guztia. Apirila amaieran zabalduko da erakusketa Harresi aretoan.

Joan den mendeko industrializazioaren eraginez, gure herrietan funtsezkoak izan diren hainbat eta hainbat ogibide desagertuz joan dira eta, horiekin batera, hamaika jakintza eta istorio. Horregatik, erakusketa honekin, errementari eta perratzailearen ofizioaren nondik norakoak gerturatzea gura da Bixente Barandiaranen bildumaren bitartez, izan ere, ezagutza eta bizimodu hauek babestu beharreko ondare dira.

Arrasateko azken errementaria

Bixente Barandiaran Balanzategi, Mentu, (1911-2004) Arrasatek izan duen azken errementaria izan zen. Marko-Etxebarri baserrian kokatuta zuen bere sutegitik ia mende erdiz aritu zen dinbi, danba mailuarekin burdin goriari forma emanez. Arrasatear asko izan dira,  urteak joan urteak etorri, bere tailerretik pasa direnak, Mentuk beraien tresnak zorroztu, ganadua perratu eta etxeko tresnak egin zitzan.

Bezero asko izan zituen Bixentek urte hauetan zehar eta aipatzekoak dira, adibidez, Monterrongo kondearentzako egin zituen forjazko elementuak, gaur egun ere ikusgai daudenak Monterrongo jauregian.

Barandiaran 2001. urte arte aritu zen errementari lanean eta ofiziotik erretiratzea erabaki zuenean, 90 urterekin, Arrasateko Udalari eman zion oinordetzan bere tailerra osatzen zuten 600 pieza baino gehiagoko ondarea. 

Menturen tailerra herriaren ondare

Hala, 2001etik 2004 bitartean Udalak “Debagoiena, giza abentura tradiziotik berrikuntzara” erakusketan jarri zuen Menturen tailerra, burdingintza tradizionalaren atala ilustratzeko.

10 urte pasa ostean, Udalak berreskuratu gura izan du gaia, eta erakusketa berri bat antolatzea erabaki du, bizi garen aldaketa sasoi hauetan, beharrezkoa ikusten baitugu atzera begiratzea eta  gogora ekartzea burdinaren kulturak zenbateraino eragin duen herri honen bilakaeran.  Bixente Barandiaranen bildumak aukera paregabea ematen digu gaiari heltzeko, askorentzako ezaguna izan zen Bixente, Mentu,  gogora ekarrita errazago gureganatuko dugulako gaia, eta ulergarriagoa suertatuko zaigu horren mamiaz jabetzea.  

Eskerrak eman gura dizkiegu Bixente Barandiarani eta bere senideei,  eskuzabaltasunez herriari emandako ondare honengatik; Udalaren aldetik ahalegintzen ari gara merezi duen zabalkundea ematen.

Apirila bukaerarako aurreikusten dugu zabaltzea erakusketa hau, eta espero dugu Arrasatearron  eta gurera bisitan datozenen ikusmina piztea lehenengo, eta jakin-mina asetzea ondoren. 

Erakusketan ikusgai egongo dena

Erakusketa Harresi Aretoan kokatzea erabaki da bi arrazoigatik: batetik,  bertako horma bat osatzen duen erdi aroko herribilduaren harresiaren zatiak asko laguntzen duelako gaia girotzen, eta, bestetik, harresi lagin hori dela eta, bertatik abiatzen direlako erdigune historikoaren bisita gidatuak.

Erakusketak lau atal izango ditu:

  • Lehenik, Mentu hurbileko ikuspegitik ezagutzeko eta XX.mendeko Arrasateko testuinguru nahasian kokatzeko abagunea egongo da denbora lerro baten bidez.  
  • Erakusketaren elementu zentrala sutegia izango da, izan ere, honen inguruan garatzen zen tailerreko lan prozesu guztia.
  • Perratzaile ofizioaren nondik norakoak ere aurkeztuko dira.
  • Tarte berezi bat eskainiko zaio Arrasaten hainbat mendez hain garrantzitsua izan zen metalgintzaren industriari, bide batez Bixenteren ofizioaren aintzinatasuna agerian uzteko eta Arrasateko industria garaikidearen sustraiak nondik datozen ikusteko.

Erakusketaren epilogo gisa, argitaragabeko dokumental bat proiektatuko da. Arrasate eta inguruko adituei egindako  elkarrizketen bitartez, erakusketa osatuko duen lehen ahotseko testigantzak jasoko dituen ikus-entzunezko pieza izango da.

Barandiaranena ez da edonolako bilduma, izan ere, 600 pieza baino gehiagoz osatuta dago, eta bertatik abiatu da Jone Alaitz Uriarte, museogintzan aditua bera, erakusketa hau antolatzeko Udalak kontratatu duen arrasatearra,   2014ko Enplegua Sustatzeko Planaren baitan, Lanbideren finantzazioa lagun.

Udaleko Toki Garapeneko Saila ari da erakusketaren antolaketaz arduratzen,  turismoa sustatzeko baliabide baten hastapena  gisa, halaber, beste Udal Sail batzuk ere ari dira aktiboki parte hartzen proiektu honetan, bereziki Obra Zerbitzu eta Mantenuko Lan Taldea,   Kultura Saila, Udal Artxiboa eta Euskara Zerbitzua. 

Udalaren industria bildumaren parte

Bixente Barandiaranen tailerreko bilduma ez da objektu multzo isolatu bat, Udalaren Industria Bildumaren baitan kokatu behar da.  1994an hasi zen Udala Industria Bilduma hau osatzen, herriko hainbat lantegik emandako tresna, dokumentu eta objekturekin;  kasu batzuetan ekoizpen sistemen eta produktuen aldaketen ondorioz, beste batzuetan, tamalez, lantegien itxierari  lotuta.  Horrela,  herriko jarduera industrialaren memoria preserbatzea helburu, 7.500 elementutik gora jasota dauzka Udalak, era desberdinetakoak:  makinak, tresnak, erremintak, argazkiak,  dokumentuak,  eta abar.  Horien biltegiratzeaz eta katalogazioaz arduratzen ari da ordutik.