Bizipenen (H)arigunea eta Euskaraldiaren bukaera ekitaldia

2020/12/03
Card image cap
Euskaraldiaren bigarren edizio hau amaitzear da eta merezi duen bukaera emango diogu Arrasaten. Eguenean hainbat bizipen jasoko ditugu, gure herrikideek izan dituztenak Bizipenen (H)arigunean Euskaraldiaren barruan, euskarari lotuak. Egubakoitzean, bukaera ekitaldia egingo dugu Kulturateko klaustroan.

Bertan dugu dagoeneko abenduaren 4a, eta egun hori iristearekin bat emango zaio akabera Euskaraldiaren bigarren edizioari. Makina bat herritar dabil parte hartzen Euskaraldian, bai txapa jantzi eta belarriprest edo ahobizi eginkizuna hartuta, eta entitateek sortu dituzten ariguneetan ere bai.

Arrasateko Herri Batzordeak merezi duen amaiera eman nahi dio aurtengo Euskaraldiaren edizioari, eta horretarako ekitaldi bi antolatu ditu asteon:

  • Abenduaren 3an, eguena, Euskararen Eguna, 10:00etatik 18:00ak arte Euskararen plazan
    1. Bizipenen (H)arigunea
      1. Euskaraldiarekin eta euskararekin herritarrek izandako bizipenak jaso nahi ditugu. Horretarako, Euskararen plaza hariz eta sokez beteko dugu, jendeak paper batean bizipen hori irudikatu (izan daiteke idatzi batez, bertso batekin, argazki edo marrazki batekin...) eta sokan eskegitzera gonbidatu gura ditugu.
      2. 13:30ean, Arrasateko Euskaraldiaren 15ekoak parte hartuko du bere bizipenak elkarbanatzen, eta azken argazki bat ere aterako dugu haiekin
      3. Egun osoan POOk kolektiboko kideek mural bat egingo dute plazako horma batean (h)arigunean zintzilikatutako euskarriak baliatuz. 
  • Abenduaren 4an, egubakoitza, 18:30ean, Kulturateko klaustroan
    1. Euskaraldiaren Bukaera ekitaldia
      1. Herritarrentzat zabalik egongo den ekitaldi honetan, erakutsiko dugu Euskaraldiaren bigarren edizio honek herrian zer ibilbide izan duen. Musikaz eta bideoez girotutako ekitaldia izango da.