Bueltan da Arrasatera 'Bertakoak Dantzan' programa, aniztasun funtzionala duten nerabe eta gazteen aisialdia eta inklusioa indartzeko

2026/10/06
Arrasateko Udalak eta Batera Aske Kooperatiba Elkarteak lankidetzan bultzatutako ekimenak 31 saio eskainiko ditu 2026-2027 ikasturtean zehar San Andres auzoko Etxaluze eraikinean. Lehen saioa urriaren 10ean (zapatua) izango da; dagoeneko 14 gaztek osatzen dute taldea, eta izen-ematea irekita dago partaide berrientzat.
Bueltan da Arrasatera 'Bertakoak Dantzan' programa, aniztasun funtzionala duten nerabe eta gazteen aisialdia eta inklusioa indartzeko

Arrasateko Udalak eta Batera Aske Kooperatiba Elkarteak jakinarazi dute berriro ere martxan dela 'Bertakoak Dantzan' programa herrian. 2026-2027 ikasturtean zehar garatuko den ekimen honek aisialdi, sormen eta mugimendu jarduerak kokatzen ditu erdigunean, aniztasun funtzionala duten nerabe eta gazteei zuzendutako espazio seguru eta aberasgarria eskaintzeko helburuarekin.

Bertakoak Dantzan programaren helburu nagusia aniztasun funtzionala duten gazteen gizarteratzea, autonomia, parte-hartze aktiboa eta adiskidetasun sareak indartzea da. Topagune honen bidez, gazteek elkar ezagutzeko, harreman berriak eraikitzeko, gozatzeko eta beren aisialdia partekatzeko aukera berriak sortzen dira. Horretarako, sormenaren, musikaren, mugimenduaren eta jolasaren bidezko saioak burutzen dira, parte-hartzea eta taldeko harremanak erdigunean jarriz.

Ikasturteko egutegia eta ezaugarri praktikoak

Arrasateko taldeak badu dagoeneko oinarri sendo bat: gaur egun 14 partaidez osatutako taldea dago, baina ateak zabalik daude partaide berriak ere sartzeko.

Programaren ezaugarri nagusiak honako hauek dira:

●     Lehen saioa: Urriaren 10ean, zapatua.

●     Maiztasuna eta kopurua: Bi astean behin elkartuko da taldea, eta guztira 31 saio egingo dira ikasturtean zehar.

●     Lekua: San Andres auzoko Etxaluze eraikinean.

●     Metodologia: Saio bakoitza desberdina izango da, baina beti helburu bera izanda: elkarrekin ondo pasatzea, mugitu, sortu, ezagutu eta harreman berriak eraikitzea.

Euskal Herriko sarea eta topaketak

'Bertakoak Dantzan' egitaraua Euskal Herriko hainbat txokotara ere zabaldu da: Zarautz, Aretxabaleta, Ordizia, Eibar, Elgoibar, Sakana eta Iruñera. Herri guzti horietako partaideen artean elkar ezagutza sustatzeko, topaketak antolatu dira azken ikasturteotan eta aurten ere horrela izateko aurreikuspena dago.

Udalaren deialdia eta izen ematea

Arrasateko Udaletik ekimen honen zabalkundean parte hartzera animatu nahi dituzte herritarrak, interesa izan dezaketen nerabe eta gazteei informazioa helarazteko. Taldearen helburua argia da: gazte bakoitzak bere lekua aurkitzea, besteekin harremanetan jartzea eta aisialdia modu librean eta esanguratsuan bizitzeko aukera izatea.

Izena emateko udal webgune honetan egin daiteke, eta, informazio gehiagorako, helbide honetara idatzi behar da: bash@bateraaske.com.